Itxi

telebista

22:15ean

Elikagai osasuntsuen iruzurra aztergai, gaur, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Elikadura-industriaren apustu berri honen nondik norakoak aztertuko dituzte Eider Hurtadok eta Nerea Reparazek.

  • Nerea Reparaz kazetaria.

    Nerea Reparaz kazetaria. EITB Mediaren bideo batetik lortutako irudia.

Eider Hurtado kazetariak zuzendutako "Aquí y Ahora" saioak elikagai osasuntsuen iruzurra aztertuko du gaur gauean. Kontsumitzaileak erakartzeko elikadura-industriaren apustu berri honen nondik norakoak azalduko ditu ETB2ko ikerketa-kazetaritza saioak. 

Nerea Reparaz kazetariak datuekin azalduko du kontsumo joera berri hauen eragina. Elikagai osasuntsuen merkatu berria asko hazi da eta hurrengo hiru urteetan, mila milioi euroko hazkundea aurreikusten diote adituek. "Naturala" eta "light" bezalako etiketekin promozionatzen dituzte elikagai asko, baina izen horiek ez dute benetako baliorik, produktuak administrazioaren kontrolik gabe ateratzen baitira merkatura. Enrique Garcia, OCU kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteko bozeramaileak, elikaduraren munduko enpresek saltzen dizkiguten gezurren berri emango digu. 

Elikadura osasuntsua joera da kontsumitzaileek erakutsitako interes zintzoaren ondoren: bost kontsumitzailetatik hiru elikagai osasuntsuengatik gehiago ordaintzeko prest egongo lirateke. Horren aurrean, industriak egindako marketin estrategiek ere eragin handia izan dute merkatuan: publizitate kanpainetan, bata txuri batekin jantzitako aktoreek jerga teknikoan azaltzen dizkigute produktuen ontasunak. Gainera, elikadura marka handiek diru asko jartzen dute nutrizio elkarteetan bere produktuak zuritzeko eta haien elikagaien aldeko ikerketak finantzatzeko. Horrela, kontsumitzaileek desinformazio handia jasotzen dute interes pribatuen alde. Elikagaien industriaren, nutrizio elkarteen eta mundu akademikoaren arteko harremana nolakoa den ulertzeko, Giusseppe Russolillo Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako presidentea eta Maira Bes Ratrollo ikerlaria izango dituzte saioan. 

Amaitzeko, produktu ekologikoak hartuko dituzte hizpide. Pestizida eta ongarririk gabe ekoizten diren produktuen geroz eta eskaintza handiagoa dago supermerkatuetan, betiere prezio oso altuetan. Gaiaren inguruan iritzi ezberdinak dituzten ekoizleekin solasaldia gidatuko du Nerea Reparazek eta merkatu berri honen inguruko datu guztiak emango ditu. Juan Revenga nutrizionistaren iritziz, marketinaren azken asmakizuna eta elitismoaren erakusketa bat besterik ez dira produktu ekologiko hauek. 

Elikagai osasuntsuen iruzurra aztergai, gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en, "Aquí y Ahora" saioan.