telebista
Igande gauean
Tolosako finalaurrekoa, 'Hitzetik Hortzera'n, Juan Mari Lopezekin
J.A.
EITB
Hernaniko kanporaketan gertatutakoa eta finalera sailkatutako zortzikotea zein den ere argituko dute Galarreta pilotalekutik bertatik.
-
'Hitzetik hortzera'. Argazkia: EITB
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Tolosako Usabal kiroldegian,Beñat Lizaso, Jexux Mari Irazu, Iñigo Izagirre, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Aitor Sarriegi izan ziren kantuan, gai-jartzaile lanetan Saroi Jauregi zela. Puntu gehien Jexux Mari Irazuk eskuratu zituen, ondoren, Aitor Sarriegik, Unai Agirrek, Iñigo Izagirrek, Nerea Elustondok eta Beñat Lizasok, hurrenez hurren. Saioko bertsoaldi onenak INFO 7 irratiko esatarien komentarioekin jantzita eskainiko dituzte igande honetako 'Hitzetik Hortzera'n. Aitzol Barandiaran gidariak Iñaki Gurrutxaga izan zuen lagun Tolosan.
Lesakan azaroaren 12an ospatu zen Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko laburpena ere eskainiko du aste honetako 'Hitzetik Hortzera'k. Zarauzko Motxian Bertso Eskolak eta Baztango Helduen Bertso Eskolak eskainitako bertso-antzerkiaren momenturik onenak ikusi ahal izango dira. Eszenatoki gisa Juan Mari Lopezen familiako Linddurrenborda Sagardotegia izan zuten, horregatik gonbidatu dute platora, bertako berri emateko. Lopez oiartzuarra da jaiotzez eta umetatik du bertsoarekiko lilura, gaur egun bertsolaritzarekin duen lotura nolakoa den azalduko du.
Lesakan bertan, Linddurrenbordatik herrigunera jaitsita Zialdo tabernan osatutako bertso saio esperimentala ere izango da ikusgai. Bertsoak inprobisatzen Alaia Martin, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Julen Zelaieta aritu ziren; gaiak inprobisatuz, aldiz, Egoitz Aizpuru eta Iker Iriarte.
Azkenik, Zuri-beltzeko Auspoa atalean Iñaki Segurola hiztegigile azpeitiarra izango da, Jose Ramon Erauskinen Aien Garaia liburuko pasarte bat irakurri eta komentatzeko.
'Hitzetik Hortzera' igande honetan emitituko da 22:30ean ETB-1en eta bezperatik eitb nahieran-en.