Itxi

telebista

Kirolak

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala, gaur, zuzenean, EITBn

EITB Media

Txirrindularitza eta pilota emankizunak ere izango ditugu eta, horrez gainera, "Helmuga" saioan Xabier Añua gasteiztarra izango da protagonista.

  • Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalistak

    Urrezko Aizkolari Txapelketako finalistak. Irudia: EITB Media

"Helmuga" saioak zabalduko du gaurko kirol eskaintza ETB1en eta eitb.eus-en. Xabier Añuari, bizipenez betetako 85 urteko gasteiztarrari, eskainiko diote saioa oso-osorik. Besteak beste, Baskonia eta Bartzelonako entrenatzaile izan zelako da ezaguna, baina bere ibilbidea saskibaloitik haratago joan da. Umetan Gerra Zibila ezagutu zuen; 1968an, Martin Luther King hil zutenean, New Yorken zegoen; Salvador Allenderekin Txilen kafea hartutakoa eta Herri Batasunaren sorreran egondakoa da, eta Gasteizko Jazzaldiari oso lotua egon zen. Hamaika bizipen eta historia xelebre kontatuko ditu 11:30ean ikusgai izango dugun saioan. 

12:00etan, herri kirolen tartea zabalduko dute Azpeitian jokatuko den Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa eskaintzeko. Ibai Soroa-Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza eta Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia Basozabal bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Emanaldi berean, Urrezko Harrijasotze Txapelketa, Emakumezkoen Aizkolari Txapelketa, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa eta Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa jarraitu ahal izango ditugu. 

15:10etik aurrera, Paris-Nizako zortzigarren eta azken etapa izango dugu ikusgai. 

Azkenik, 17:00etan, "ETB Kantxa" saioan, Donostiako Atano III.eneko pilota jaialdiaz gozatu ahal izango dugu. Hiru partida hauek jokatuko dira: Bengoetxea VI-Ibai Zabala / P. Etxeberria-Tolosa, Olaizola II-Rezusta / Altuna III-Bikuña (Binakako Txapelketa) eta Egiguren V-Ruiz  / Zubizarreta III-Uriondo (Binakako Promozio Txapelketa).