Itxi

telebista

Aste honetan

Kirolarien elikadurari buruz, 'Teknopolis'en

A.A.

EITB

Suaren aurkako ateei buruzko erreportajea ere aurkeztuko digu Oihana Jauregik aurkezten duen saioak.

  • Oihana Jauregi, 'Teknopolis' saioko aurkezlea. Argazkia: EITB

Kirol proba baten aurretik, bitartean eta ondoren elikadura zaintzeak duen garrantziari buruz jardungo dira 'Teknopolis' saioan. Aspaldi honetan oso ohikoak bihurtu dira kirol-dendetako apaletan edari isotonikoak, barratxoak, gelak eta antzekoak; eta kirolarien artean gero eta arrakasta handiagoa dute. Baina, benetan, zer funtzio dute osagarri horiek? Noiz eta nola hartzea komeni da? Nagore Rementeriak, Aritz Urdanpilleta EHUko ikerlariarekin eta Ainhoa Murua triatloilariarekin hitz egingo du gaiaz.

Suaren kontrako lehen ate azkarra, NO-FIRE izenekoa, ere erakutsiko digute. Tecnaliako ikertzaile batzuk, Europako beste ikerketa-zentro eta enpresa batzuekin batera, azken hiru urteotan egindako lanari esker merkaturatu dute ate hau. Helburua izan da suak kaltetuko ez duen baina, aldi berean, arina den ate bat eraikitzea.

Bestalde, Bego Zubiak Maria Vallet ikertzailea elkarrizketatuko du. Biomaterialetan erreferentzia da nazioartean. Zientzia Kimikoetan doktorea eta Kimika Ez-organikoan katedraduna da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Orain aste gutxi izan zen Donostian, Zientzia Foroa ekimenean parte hartzen. Ikerbasquek, Jakiundek eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten topaketa bat da Zientzia Foroa, eta zientzia-aurrerapenak era errazean zabaltzea du helburu.

Amaitzeko, elur-maluten formei buruzko jakingarriak emango dituzte minutu eta erdiko bideoan.

Oihana Jauregik aurkeztuta, 'Teknopolis' larunbatean dago ikusgai 21:00etan ETB-1en, igandean 11:00etan ETB-2n eta asteazkenean 23:30ean ETB-3n.