telebista
22:15ean
Uste bezain osasuntsuak ez diren elikagaiak aztergai, gaur, "Aquí y Ahora" saioan
EITB Media
Eider Hurtadok aurkeztutako saioak elikagai ezberdinak hartuko ditu hizpide 'Alimentos con trampa' erreportajean, horien artean, ogia, kafea, gatza eta arrain urdina.
-
Alimentos con trama erreportajea. EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.
Gatza ezkutuan duten elikagai ultraprozesatuak, arauak hausten dituzten ore amarekin egindako ogiak eta gure osasunerako arriskutsuak diren kafeak, besteak beste, supermerkatuetan erraz topa ditzakegun produktuak dira. Igande honetako "Aquí y Ahora" saioak uste bezain osasuntsuak ez diren elikagai hauek hartuko ditu hizpide Alimentos con trampa erreportajean: ogia, gatza, kafea eta arrain urdina. Horretarako, Eider Hurtadok gidatu eta zuzentzen duen saioak Miguel Angel Martinez-Gonzalez, Nafarroako Unibertsitateko Prebentzio eta Osasun Publikoan katedraduna eta Boticaria Garcia nutrizionista izango ditu gonbidatu.
Nerea Reparazek euskal gastronomiako produktuetan jarriko du fokoa eta gure kontsumo ohiturak aztertuko ditu. Adibidez, Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen duen gatz kopurua bikoizten dugula erakutsiko du.
Izan ere, oharkabean, gatza daramaten jakiak kontsumitzen ditugu, produktu prozesatuak bereziki, eta ezkutuko gatz hauek dira kaltegarrienak. Bittor Rodriguez UPV/EHUko Elikagaien Teknologia eta Zientzian doktorea produktu hauen inguruan arituko da. Ogia da gatz gehien duen elikagai prozesatua. Horrez gain, merkeagoak diren kafeak aztertuko ditu saioak; kafe torrefaktua adibidez, Europako hainbat lurraldetan debekatuta dagoena.
Amaitzeko, adituentzat arriskutsuak diren beste bi produktuez arituko dira. Alde batetik, superelikagaiak, hau da, gure osasunerako onura handiak izango balituzte bezala saltzen direnak, eta bestetik, arrain urdina, merkurio kantitate kezkagarria duen arraina. Horren harira, Jorge Fernandez telebista aurkezle ospetsuak merkurioarekin hartutako intoxikazioaz hitz egingo du saioan.
Alimentos con trampa erreportajea, "Aquí y Ahora" saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.