telebista
Aste honetan
Zango geldiezinen sindromeari buruz, 'Teknopolis' saioan
A.A.
EITB
On Zientzia lehiaketako azken irabazlearen izena ere esango dute.
-
'Teknopolis', Oihana Jauregi. Argazkia: EITB
Sindrome berezi bati buruz hitz egingo dute aste honetako 'Teknopolis' saioan. Berezia eta jasanezina da sindrome hori pairatzen duten gaixoek zangoetan nabaritzen duten sentipena. Hanketan inurriak dituzten sentsazioa dute, eta gaixoek zangoak mugitu behar dituzte derrigor, urduritasun hori lasaitzeko. Zango geldiezinen sindromea du izena gaitzak, eta, gutako gehienontzat ezezaguna bada ere, gaixo asko dira eguneroko bizitza mugatua dutenak.
Bestalde, On Zientzia bideo-lehiaketara aurkeztu diren lan guztien artean hileko onena hautatuko dute aste honetako programan. Pertsona ezagun baten egitekoa izaten da hori. Hilabete honetan, Naroa Agirre atletak argituko du zein den, bere ustez, azaroko lanik onena.
Mundua amaituko zela zioen iragarpen asko egin izan da historian zehar eta horien errepasoa egingo dute bideo labur batean.
Amaitzeko, Street Luge deritzon inertziazko kirol modalitateri buruz jardungo dira. Asfaltoko lera ere deitzen diote batzuek. Ikusgarria eta adrenalina maite dutenentzat, mundiala. Aste honetan Ktek kirolaren tartea eta Vblog gailuen atala batera eskainiko dituzte.
Oihana Jauregik aurkeztuta, 'Teknopolis' saioa igandean 11:00etan ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en, eta asteazkenean 23:15ean ETB-3n.