telebista
Oreka TX berezia
Oreka TX taldeari eskainitako Gabon Gaua, ETB-3n
A.H.
EITB
Taldearen ibilbidea errepasatuko dute Oreka TXeko kideek eta horrez gain, Hostoak eta Ttakun Band ikuskizunak eskainiko dira. Ondoren, Nomadak TX filma emitituko da.
-
Oreka TX. Argazkia: EITB
Oreka TX taldeak 1997an hasi eta ordutik aurrera oihartzun handiko ibilbidea izan du bai Euskadin zein atzerrian ere, baina 2011.urtea nahiko berezia izan da beraientzat, aldaketaz beteriko urtea. Euskal Telebistako hirugarren kateak Gabon Gaua aukeratu du Oreka TXeko kideekin batera taldearen ibilbidea gogoratu eta taldearen ikuskizun gogoangarrienak eskaintzeko. Izan ere, banandutako kideak elkartu eta hirurekin batera konplizitate osoz hitz egiteko, gabon gaua baino momentu hoberik ez dago.
Oreka TX taldea bi kidek osatu zuten hasiera batean, Igor Otxoak eta Harkaitz Martinez de San Vicentek. Orain, Igorrek taldea utzi eta Donostia 2016 proiektuan hasiko da lanean. Mikel Ugaldek, azkeneko ikuskizunetan beraiekin batera jo duen hirugarren txalapartariak, hartuko du Igorren lekua Oreka TXen.
ETB-3, Oreka TX taldeak Igor Otxoa gabe emandako lehenengo kontzertuan egon zen eta emanaldiaren ondoren elkartu zen hiruekin, izan ere, nahiz eta eszenatoki gainean ez egon, Igor bertan egon zen taldeari bere laguntza eta babesa emanez. Hiru kideak kameren aurrean bildu ziren eta taldeak bizitako ibilbidea errepasatu zuten, ekimen gogoangarrienak gogoratuz eta behin baino gehiagotan sentimenduak agerian utziz. Asko baitira elkarrekin partekatutako bizipen eta hitzorduak.
Elkarrizketa sakon honen ondoren, ETB-3k taldearen bi emanaldi berezi eskainiko ditu. Hasteko, Oreka TX taldeak Barakaldon eskainitako Hostoak ikuskizuna emitituko da, Igorrrek taldearen kide izanik Oreka TXek Euskal Herrian eman zuen azkeneko kontzertua. Hostoak Oreka TX, Kukai dantza taldea eta Amaren Alabak elkarlanean sortutako ikuskizuna da. Ondoren, Lekeitiora joko dute ETB-3ko kamerek bertan Lekeitioko Musika Bandak eta Oreka TX taldeak elkarrekin sortu zuten Ttakun Band ikuskizuna eskaintzeko.
Amaitzeko, Oreka TX munduko ertz ezezagunenetara eraman zuen filma eskainiko du ETB-3k: 'Nomadak TX'. Pertsonak eta kultura ezberdinak elkartzeko desioarekin sortutako proiektua da 'Nomadak TX', txalaparta kultura ezberdin horien topagune bihurtu nahi zuen proiektua. Irrika horrek, Indiara, Laponiara, Saharara eta Mongoliara eraman zituen Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez, benetakoa denaren bila eta lurralde horietako eguneroko soinuen atzetik. Txalapartaren hotsak presente egongo dira filmean, txalaparta bera musika tresna baino gehiago, komunikazio tresna bihurtuz.