Itxi

telebista

Audientzia

ETBk apirileko audientziarik onena lortu du 2012tik, % 13,7ko kuota

EITB Media

Euskal Telebistako albistegiek lidergoari eutsi diote azken bederatzi urteetan. 2021ean, urtarriletik apirilera, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek % 26,2ko audientzia-zatia lortu dute.

0:31
EITB taldea

Apirilean, Euskal Telebistak 2012ko apiriletik lortzen duen audientziarik onena izan du: % 13,7ko kuota. Horrez gain, ETBko kanalek, bataz beste, % 13,7ko audientzia-zatia mantendu dute urtarriletik apirilera, 2009tik lortzen duten urteko daturik onena.

Euskal Telebistako albistegiek, gainera, lidergoari eutsi diote eta % 26,0ko audientzia-zatiarekin itxi dute hilabetea. Audientzia metatuari dagokionez, 302.000 ikus-entzulek bat egin dute albistegiekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan. "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek lidergoa mantendu dute azken bederatzi urteetan eta 2021ean, urtarriletik apirilera, % 26,2ko audientzia-zatia eta 320.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu dute.

ETB1en "Herri Txiki, Infernu Handi" eta "Biba Zuek!" saioak nabarmendu dira, baita apirileko kirol hitzordu nagusienak ere: Athletic Club eta Real Sociedad taldeen arteko Errege Kopako finala, Binakako Txapelketako finalaurreko ligaxka eta Itzulia Basque Country lasterketa.

ETB2n, "En Jake" eta "Atrápame Si Puedes" saioek euren audientzia markak gainditu dituzte eta "El Conquistador del Caribe" realityak asteleheneko ordutegi nagusiko lidergoa mantendu du.

EITBk bihotzez eskertu nahi dio audientziari jasotako harrera bikaina. ETBko kanalak fideltasunez jarraitzen dituzten ikus-entzuleek posible egiten dute ETBko albistegiak, kirol emanaldiak eta saioak euskal gizartean erreferente bihurtu izana. Eskerrik asko!

"El Conquistador del Caribe" astelehen gauean audientzia-buru

Abentura realityak asteleheneko ordutegi nagusian lidergoari eutsi dio apirilean eta bataz beste % 23,1eko audientzia-zatia eskuratu du. Halaber, Julian Iantzik eta Mikel Perez Artolak 322.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu du Euskadin eta eragin eremuan.

Patxi Alonsok asteazkenetan aurkezten duen "El Conquis" debateak ere audientzia datu onak lortu ditu apirilean: % 13,3ko audientzia-zatia eta 194.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

"En Jake"k markak hautsi ditu

Xabier Lapitzek goizero ETB2n aurkezten duen "En Jake" aktualitate saioak % 14,3ko audientzia-zatiarekin itxi du apirila. Bigarren hilabeterik onena izan du.

Halaber, "En Jake"ren zazpigarren denboraldia inoizko ikusiena izaten ari da eta, bataz beste, % 13,7ko audientzia-zatia eta 126.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu Euskadin eta eragin eremuan.

"Atrápame Si Puedes" eta "Esto No Es Normal" lehiaketak

Patxi Alonsok aurkeztutako "Atrápame Si Puedes" saioak ere bere audientzia markak gainditu ditu apirilean: % 13,9ko audientzia-zatia eta 119 000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu. 2018tik hilabeterik ikusiena izan da lehiaketarentzat.

Bestalde, Igor Siguerok eta Ainhoa Sanchezek aurkezten duten "Esto No Es Normal" lehiaketak ere audientzia datu onak lortu ditu apirilean: % 8,2ko audientzia-zatia, hasi zenetik lortzen duen hilabeteko bigarren daturik onena, eta 100.000 ikus-entzuleko audientzia metatuta Euskadin eta eragin eremuan.

"Herri Txiki" eta "Biba Zuek!"

ETB1eko "Biba Zuek!" saioak audientzia bikaina lortu du, eta apirilean, bataz beste, % 2,9ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 7,7ko kuota eskuratu ditu. Denboraldian, hilabeteko hirugarren daturik onena izan da.

Halaber, Pagadik eta Zuhaitzek aurkeztutako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak % 4,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 8,4ko kuota lortu ditu apirilean. Audientzia metatuari dagokionez, 122.000 ikus-entzulek bat egin dute saioarekin Euskadin eta eragin eremuan.

Kirol emanaldiak

Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatutako Errege Kopako finalak % 21,9ko audientzia-zatia izan zuen ETB1en, eta euskaldunen artean % 39,7ra iritsi zen. Bataz beste, 310.000  ikus-entzulek ikusi zuten Realak irabazitako euskal derbya eta 536.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu zuen Euskadin eta eragin eremuan. Partida osteko tartea, "Geurea bai edo bai: Errege Kopa Finala", audientzia-buru izan zen, % 17,5eko kuotarekin eta euskaldunen artean %30,6ko audientzia-zatia eskuratuta.

2021eko Euskal Herriko Itzuliaren zuzeneko emanaldiak, apirilaren 5etik 10era bitartean, aparteko harrera izan zuen eta 2013tik ediziorik ikusiena izan zen. Sei etapen zuzeneko emankizunek, bataz beste, % 8,8ko audientzia-zatia eta euskaldunen artean % 12,5eko kuota bereganatu zituzten. Halaber, 181.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Itzuliak Euskadin eta eragin eremuan. 2021eko edizio honek, azken edizioarekin alderatuta, 3,6 share puntu gehiago lortu zituen.

Binakako Txapelketako partidei dagokienez, apirilean jokatu den finalerdiko ligaxkak audientzia datu bikainak izan ditu eta euskaldunen artean nagusi izan da. Partiden artean, apirilaren 24ean jokatutako Ezkurdia-Ladis Galarza / Altuna III-Mariezkurrena II norgehiagoka nabarmendu da: bere ordu tartean nagusi izan zen eta %13,4ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 23,5eko kuota lortu zituen. Halaber, 169.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Bestalde, hilabeteko partidarik ikusiena Olaizola II-Rezusta eta Ezkurdia-Ladis Galarza bikoteek apirilaren 11n jokatutakoa izan da. Norgehiagokak % 11,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 18,4ko kuota lortu zituen. Gainera, 205.000 ikus-entzulek bat egin zuten partidarekin Euskadin eta eragin eremuan.