Itxi

telebista

Kirol emanaldiak ETBn

Euskal Selekzioa eta Tunisiaren arteko norgehiagoka, zuzenean, ETB-1en

A.H.

EITB

Horrez gain, selekzioaren historia errepasatuko duen Herri baten ametsa dokumentala eskainiko da.

  • Euskal Selekzioa. Argazkia: EFE

    Euskal Selekzioa. Argazkia: EFE

Asteazken honetan Euskal Selekzioak Tunisiaren kontra jokatuko du eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du arratsaldeko 20:45ean jokatuko den norgehiagoka. Txemi Galarraga kazetaria izango da San Mamesen eta bertako giroarekin bat egingo dute 20:15etik aurrera. Txemirekin batera, Joseba Etxeberria futbolaria eta Joseba Urkiola esataria egongo dira, giroa eta norgehiagokaren gaineko informazio osoa komentatuz, zein partidaren gaineko kontakizuna eginez. Partida amaitzean, jokalariei eta jardunaldiko protagonistei elkarrizketak egingo dizkiete eta prentsaurrekoaren berri ere emango dute.

Herri baten ametsa dokumentala

Euskal Selekzioaren historia izango da Herri baten ametsa' dokumentalean ikusgai, arratsaldeko 18:30ean. 1915eko zuri-beltzeko irudiekin hasi eta Estonian jokatutako azken lehia arte, taldeak bizipen ugari izan ditu. Malkoz zipriztindutako une asko, baita egun gogoangarriak ere. Euskal futbolaren aro ahaztezina gogoan izango da. Luxuzko gonbidatuak lagun, aro berriko gol guztiak ikusgai izango dira. Baita 1937ko Errusiako bidaia historikoko golak eta txalo sortak ere. 1979an Bilbon eginiko festa, 1993ko Atotxaren agurra edota 2007an Venezuelara eginiko bidaia hunkigarria. Ametsa lortzeko bidean fedez emaniko pausoak ikusgai izango dira dokumentalean.

Saskibaloia ETBK Sat katean

ETBK Sat kateak, bere aldetik, Endesa Ligako hamahirugarren jardunaldiko saskibaloi partida eskainiko du Bartzelona Regal eta Assignia Manresaren artean. Partida Bartzelonan jokatuko da eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du 20:45etik aurrera Xabier de la Fuente eta Josean Aldalurrena komentarioekin.