telebista
Iñigo Asensiok aurkeztuta
Martin Fiz, Ainhoa Murua eta Juanjo Aranburu, 'Bat To London' saioan
A.H.
EITB
Aste honetako saioko protagonistek olinpiar jokoetarako dituzten itxaropenak plazaratuko dituzte.
-
'Bat to London', Martin Fiz. EITB
Londres 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu nahi duten kirolarien jarraipena egin ohi du 'BAT to London 2012' saioak eta ostegun honetan ETBK Sat-en emitituko da seigarren atala gaueko 22:30etik aurrera. Iñigo Asensiok aurkeztuta, euskal kirolari olinpiarren prestakuntza jarraituko du saioak gertu-gertutik eta horrez gain kirolari, entrenatzaile eta senitartekoekin elkarrizketak eta olinpiarrak izandako kirolarien testigantzak jasoko ditu. Era berean, programak arreta berezia eskainiko dio Londresen, 2012ari begira, burutzen ari diren prestaketei.
Urteko azken saioari Martin Fiz atleta handiak emango dio hasiera, bere kirol ibilbidean olinpiar jokoetan bizi izan dituen zenbait pasarte gogora ekarriz. Gasteiztarrak laugarren postu ikusgarria lortu zuen Atlantako maratoian, 1996an, eta seigarrena izan zen lau urte geroago Sidneyn, Mundu mailako atleta onenekin parez pare lehiatuz.
Londreserako sailkatzen lehenetarikoa izan den Juanjo Aranburu tiratzaile gipuzkoarrak hartuko du Fizen lekukoa. Skeet-eko modalitatean Beijing ‘08an hartu zuen parte irundarrak, eta aurten Munduko txapelduna bilakatu ostean Londresen dominen lehian sartzea du helburu nagusia. 'BAT to London' saioko lan-taldeak Mallorkan egin dio bisita gipuzkoarrari bertan ari baita prestaketa burutzen.
Jokoetako probarik gogorrenetarikoan ere euskal ordezkaritza izango da Londresen. Izan ere, Ainhoa Murua zarauztarrak triatloian hartuko du parte beste behin azken bi ekitaldietan, Atenas eta Beijingen, egin duen bezala. Inoizko denboraldirik txukunena bukatu du Ainhoak goi mailan ari denetik eta hurrengo hilabeteetan prestaketan murgilduko da bete-betean, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan burutzen ari den irakasle praktikekin uztartuz.
Saioak Londresera egin ohi duen bisitan, kamerek lehiaketa gunean sartzea lortu dute euskal piraguistekin. Slalomeko probak hartuko dituen ur bizietako kanala aztertu dute Xabier Etxaniz hautatzailearekin batera gure piraguistek, jokoak asteko sei hilabete eskas falta direnean.
'BAT to London 2012' ostegun honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en.