telebista
''El Conquis''en 21. atala
Bateratzea gaur iritsiko da "El Conquistador del Caribe" saiora
EITB Media
36 lehiakidetik 14 iritsi dira bakarkako lehiara, eta saioaren historiako immunitate jokorik gogorrenari aurre egin beharko diote: ahoa bete hortz utziko dituen pista amerikarrari, hain zuzen.
-
14 lehiakideak bateratzean. Argazkia: EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Duela 20 atal Los Haitisesen abentura hasi ondoren, iritsi da jada lehiakideek biziki nahi duten bateratzea. Ibilbideari ekin zioten 36 lehiakidetik soilik 14 heldu dira bakarkako lehiara, eta, hortaz, beraiek bakarrik izango dute finalera iritsi eta ikurrina hartzeko aukera. Hori bai, oraindik ere bide luzea eta gogorra dute aurretik.
Lehenik eta behin, fase berri honetan, saioan inoiz egon den immunitate jokorik gogorrenari aurre egin beharko diote: pista amerikar neketsu eta zail bati. Irabaztea garrantzitsua da, noski, baina ez galtzea ezinbestekoa, ondorioak izugarriak izan daitezkeelako. Horrekin batera, itunak eta aliantzak ere beharrezkoak izango dira. Ikusteko dago, ordea, lehiakideek zer egingo duten. Cuyayak eta Cacatak beraien artean babestuko dira edo lehen faseko taldekideekin paktuak egingo dituzte?
Bestalde, lehiarako kontzentratuta eta gogotsu egoteaz gain, ezustekoei aurre egin beharko diete. Izan ere, Mikelek eta Julianek ez diete bidea erraztuko, inondik inora. Lehenbiziko sorpresa bateratzean bertan izango da: motxiletan gordeta duten janaria utzi beharko dute, eta, irabazi ezean, ez dute jatekorik izango. Neurri berri honek hautsak harrotuko ditu lehiakideen artean.
Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen aplikazio berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.