Itxi

telebista

Uztailaren 15ean

'Biba Egunean Behin' lehiaketa arrakastatsuaren final sinkronizatua, zuzenean, ETB1en

EITB Media

Euskal Herri osoa jokoan jarriko duen inoiz bizitako finala izango da. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatuta, platoan, hiru bikotekide ezagun eta 'Egunean Behin'eko irabazle bat arituko dira.

0:38
Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus

"Egunean Behin" lehiaketako zazpigarren denboraldiko final sinkronizatua "Biba Egunean Behin" telebistako saio berezian eskainiko da uztailaren 15ean, zuzenean, 21:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketarik handiena. eitb.eus-en eta EITBko YouTubeko kanalean ere jarraitu ahal izango da saioa.

Code Syntax enpresak sortutako "Egunean Behin" aplikazio ezaguna jaisten duen orok parte hartu ahal izango du lehen aldiz sakelak eta telebista lotuko dituen final handian. Hartara, ez dago lehiakide mugarik jokoan parte hartzeko. Gaur egun, 80.000 lagunek dute aplikazioa mugikorrean jarrita.

Opariak ere ez dira nolanahikoak izango, El Corte Ingles Viajesen eskutik irabazle nagusiak 2000 euroko bidaia txartela irabaziko du nahi duenenean nahi duen tokira joateko. Eta parte hartzaileen artean 1000 euroko beste txartel bat zozketatuko da egoera berean bidaiatzeko.

Lau partida jokatuko dira guztira final honetan, lehen aldiz galdetegi berdinak azalduko dira mugikor guztietan aldi berean (iluntzeko 21:15ean). Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira, laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako 20 onenak pasako dira eta baita gonbidatuetako bat ere, propio gonbidatuko baitute appko txapeldun bat 4. partidarako.

Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da "Egunean Behin". 10 galdera erantzun behar ditu, ahalik eta azkarren, hiru erantzun-aukeraren artean. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, hobeto.

Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus.

Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus.

EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntak enpresarekin aliantzan landu du EITBk "Egunean Behin"en finala ETB1erako. Techno-taiment formatuarekin bide berri bat urratzea izan da EITBLaben asmoa: egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotzea eta milaka lagun lehia bizian jartzea.

Hartara, EITBk ETB1en arratsaldetan arrakasta handiz eskaintzen den "Biba Zuek" saioko lan-taldeak moldatuko du "Biba Egunean Behin" berezia. Sorpresaz beteriko saioa izango da eta Euskal Herriko Egunean Behin zale guztiekin aldi berean jokoan hiru bikote gonbidatu ospetsu izango dituzte platoan, baita aplikazioak berak izan dituen txapeldunen bat ere.

CodeSyntax

2019ko martxoaren 4an sortu zenetik, lehiaketaren arrakasta handituz joan da; denboraldi honetan, bataz beste, 60.000 lagun baino gehiago jokatzen ari dira egunero. Jokoaren helburu nagusia da euskarazko joko batean parte hartuz ondo pasatzea euskaraz. Izenak dioen bezala, lehiakide bakoitzak partida bakarra jokatzeko aukera du egunean.

"Egunean Behin" familia handituz doan heinean, sortzaileek erronka berriak dituzte jomugan. Oraingo honetan, herritarren jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzten galderak ez ezik, euskal gaiekin lotutakoak prestatu dituzte, herri ikuspegitik egindakoak beti ere.