Itxi

telebista

''Conquis''en Final Handia

Nahia Valenciak irabazi du "El Conquistador", historiako finalik gogorrenean

EITB Media

"El Conquistador del Fin del Mundo" irabazten duen laugarren emakumea da nafarra. Aurretik, Zurrik, Erkuk eta Eiderrek irabazi zuten lehiaketa. 20.000 euroko saria eraman du.

  • Nahia Valencia, "El Conquis"en irabazlea

    Nahia Valencia, "El Conquis"en irabazlea. Argazkia: EITB Media

"Valencia batek ez du amorerik ematen", abenturan zehar lagun izan duen familiaren esaldia oihukatu du Nahiak konkistatzaile bihurtu duen ikurrina eskuetan hartu duenean. Haitiseseko Parke Nazionalean egin den finaleko emakume bakarra izan da "El Conquistador del Caribe"ren hamazazpigarren edizioaren irabazlea. Berak bukatu du lehenen ibilbide luzea bere koloreko lau banderatxoak lortu eta 150 metroko tirolina gogorra zeharkatu ostean. Oso kontzentratuta egon da azken proban, amorerik eman gabe, eta indarrak galtzen zituen uneetan familiako kideen izenak xuxurlatu ditu.

Merezita eraman du saria Nahiak, abenturaren azken txanpa ikusgarria eginda eta lau duelu gaindituta. Aita hilda du irabazleak, eta hari eskaini dio garaipena, izan ere, dioenez, hark bidaltzen dizkio borrokan egiteko indarrak. Ikurrina eskuetan zuela, gainera, emakumeen aldeko aldarria egin du. Espero du bere garaipenak erakustea emakumeak gizonak besteko indartsuak ala indartsuagoak izan daitezkeela, eta bere alabarentzat ikasbidea izatea nagusiagoa denean.

Historiako finalik teknikoen, zorrotzen eta konpletoena helikopterotik jauzi eginez abiatu dute finalistek. Binbi oso urduri zegoen eta, azkenean arazorik gabe jauzi egin badu ere, azken egunotan izan dituen amesgaiztoak beteko ziren beldur zen.

Proba hasi baino ordu batzuk lehenago, finalistek baltsa bana eraiki behar izan dute banbu enborrak erabiliz. Horiek izan dira gero, finalean, erabiliko zituzten ontziak. Aitorrek eta Binbik esan dute horretan trebeak direla eta ontziak egiteaz zerbait bazekitela, baina egin dituzten ontziak ez dira onenak izan. Batek ere ez du proba erraza izan; Muskizekoak asko sufritu du ontzia desegiten ari zitzaiolako, eta "Clik eta Pan" esaldiaren erregeak lehiatzea ez den edozer egin du: zorabiatu egin da, botaka egin du eta negar ere egin du familiako kideei eta lagunei huts egin diela pentsatzean.

Yanci eta Beko ere ez dira nabarmendu. Zurriolako soroslea ez da fidatu gidatzerako orduan izan duen irizpidearekin eta Naiaren atzetik joan da, baina ez zekien ibilbide ezberdinak zituztela biek; ondorioz, ez du bere hirugarren banderatxoa aurkitu. Goizuetako suhiltzaileak, aldiz, iparrorratza galdu du proba hasi eta gutxira eta, gainerako lehiakideei begiratuta bidea aurkitzen saiatu den arren, oso berandu iritsi da hirugarren banderatxora.

Garaipen honekin, Nahiak bere ametsa bete du, konkistatzaile bihurtu duen ikurrina lortzea, alegia. Gainera, nafarra historian sartu da, saioa iragazi duen laugarren emakumea baita. Bere aurretik lortu zuten ikurrina Zurrik, Erkuk, eta Eiderrek.

20.000 euroko saria, ikurrina eta eskaintza berezia

Mikelen eskuetatik hartu du Nahiak irabazlearen ikurrina, eta Julianek 20.000 euroko txekea eman dio sari gisa. Atabey taldeko emakumeei eta familiari eskaintzeaz gain, garaipenaren eskaintza berezia egin dio Lourdes Zuriarraini, "El Conquis"eko lehen irabazleari, duela gutxi hil baitzen.