Itxi

telebista

Dokumentala

'Britney Spears fokupean' dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

'The New York Times'ek ekoiztutako lanak abeslariaren goraldia eta ospe handiaren ondorengo lur-jotze gogorra gogoratuko du. Halaber, bere tutoretza legala berreskuratzeko auzitegietan abiatu duen lehia judiziala hartuko du hizpide.

0:09
'Britney Spears fokupean' dokumentalaren irudi bat

Gaur gauean, ETB1ek eta eitb.eus-ek Britney Spearsen bizitzaren argi eta itzal guztiak erakutsiko dituen Britney Spears fokupean (Framing Britney Spears, 2021) dokumentalaren estreinaldia eskainiko du telebistan. Abeslariaren ibilbidearen goraldia eta haren ospea fenomeno globala izan ziren eta bere lur-jotze zalapartatsua kirol nazional gupidagabea bilakatu zen. The New York Times-ek ekoiztutako dokumentalak arreta berezia jarriko dio prentsak artistaren bizitza pertsonalari eman zion tratamenduari, baita horrek bere osasun mentalean izan zuen eraginari ere.

Bere tutoretza legala errekuperatzeko lehia judizial kafkiano batean murgilduta dago orain Britney Spears. Auzitegian abiatu duen prozesua oihartzun handia izaten ari da eta artistaren inguruko fan fenomenoa berpizteaz gain, osasun mentala eta eskubide indibidualen gaineko debate soziala ireki du. Artistaren aitak 2008 urtetik du haren alabaren tutoretza legala, Kaliforniako auzitegi batek Britney Spearsek bere bizitza eta finantzen gaineko kontrola eramateko ezintasuna erabaki zuenean.

Britney Spears Fokupean dokumentalaren irudia

Britney Spears fokupean dokumentalaren irudia

Hainbat gertari desatseginen ondoren galdu zuen Britneyk bere ondasunaren eta bizitza pertsonalaren gidaritza; besteak beste, drogekin arazoak izan zituen, bere senar ohiak seme-alaben zaintza kendu zion eta tratamendu psikiatrikoa jaso zuen.

Dokumentalak gertatutako guztia errepasatuko du eta horretarako, Felicia Culotta Britneyren lagun minaren testigantzaz gain, tutoretzan adituak diren zenbait abokatuk  eta abeslariaren ibilbide artistikoaren hasiera gertutik bizi izan zuten exekutiboek parte hartuko dute. Horien artean, Kim Kaiman Britney Spearsen irudia sortzen lagundu zuen marketing zuzendariak, Vivian Lee Thoreen gaur egun artistaren tutoretza errekuperatzeko lanetan ari den abokatuak, eta Adam Streisand bere aitaren kontrako auzian Britneyk lehenengo momentuetan kontratatu nahi izan zuen abokatuak parte hartu dute ikus-entzunezkoan.

Britney Spears fokupean lanak gainera, #FreeBritney mugimendua sortu duten artistaren jarraitzaileen testigantzak ere bilduko ditu.

Ordu eta laurdeneko dokumental honek galdera baten inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak: nola da posible urtero milioika dolarreko irabaziak lortzen dituen 39 urteko emakume batek bere erabaki propioak hartzeko ezintasuna izatea? Dokumentalak artistaren ibilbidea errepasatu eta Estatu Batuetako pop-star industriaren alderik ezezagun eta desatseginenak erakutsi dizkigu.

Britney Spears fokupean, gaur gauean, 22:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.