telebista
Ostegunetik aurrera
ETBK Sat kateak Orlandoko Citrus Tournement-a eskainiko du
A.H.
EITB
Astero emitituko diren lau saioek Orlandon jokatutako zesta-punta txapelketa eskainiko dute.
-
Zesta-punta
Ostegunetik aurrera, eta hurrengo lau asteetan zehar, ETBK Sat kateak Orlandoko Citrus Tournament-ean jokatutako txapelketa partidak eskainiko ditu. Tornea Orlandoko Semiole pilotaleku historikoan jokatu zen pasa den asteburuan eta Euskal Telebistak Estatu Batuetan jokatu izan den txapelketa bat eskainiko duen lehen aldia da.
Hiru titulu ezberdin jokatu ziren Orlandoko Citrus Tournament-ean: atzelarien banakakoa, aurrelarien banakakoa eta binakako txapelketa. Emanaldia lau saio ezberdinetan banatuko da, astero txapelketa bat, eta laugarren saioak torneoaren momenturik onenak eskainiko ditu. Iñigo Aiestaranen esku egongo da emanaldia eta kontakizuna Javier Arkarazo jokalari ohiaren komentario teknikoekin hornituko da.
Atzelarien banakako txapelketa, ostegunean, 22:30ean
Ostegun honetan, Citrus Tournemanet-ari hasiera eman zion atzelarien banakako txapelketa eskainiko da. Zazpi puntura jokatutako kinielak osatu zuen lehiaketa eta Orlando, Miami, Dania eta Frantziako pilotalekuen zortzi ordezkarik parte hartu zuten: Allienz II, Oyarbide, Hoey, Alliez I, Hernandez, Irastorza, Enbil eta Lopez.
Gotzon Enbil zazpigarren postuan atera zen pasa den urtean lortutako titulua defendatzera eta bere aurrean, aurretik aipatutako goi mailako zazpi atzelari izan zituen, horien artean, Eric Irastorza ( 2006, 2007 eta 2009ko urtarrileko irabazlea) eta Imanol Lopez (2009ko abenduko irabazlea) dira aipagarrienak.
Citrus Tournament-eko atzelarien txapelketa ostegun honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en.