telebista
Oihana Jauregik aurkeztuta
Arkeologiaz, igandeko 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Milaka urteko material organikoa aurkitzeko teknikak eta Gipuzkoan azken 30 urteetan egin den arkeologia lana izango dituzte aztergai.
-
Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB
Aste honetako 'Teknopolis' saioak arkeologia hartuko du hizpide, eta hasteko, indusketetan milaka urteko material organikoa aurkitzeaz arituko da. Txanponak, zeramika edota lanabesak ohikoak dira, baina material organikoa nekez aurkitzen da. Edonola ere, kondizio jakin batzuk betetzen badira material organikoa ere ehunka urte kontserbatu daiteke. Arkeolan Fundazioko arkeologo eta arkeobotanikoek material hori bilatu eta aztertu egiten dute, besteak beste, gure arbasoen elikadura, jantziak eta mahaiko tresnak hobeto ezagutzeko.
Bestalde, Gipuzkoan azken 30 urteotan arkeologia alorrean egin den lanaren laburpena biltzen duen liburu-bilduma argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Liburuan 13 aditu aritu dira lanean bi urtez.
Horrez gain, gerrateen ondoren lurpean geratzen diren minen desaktibazioaz arituko da 'Teknopolis'. Gerra bukatu eta urteetara, minek milaka hildako eragiten dituzte munduko lurralde askotan. Datuek erraz deskribatzen dute egoera: munduan 110 miloi mina daude barreiatuta eta urtero 26.000 biktima eragiten dituzte. Minak desaktibatzeko lanak erraztu nahian, Europako Espazio Agentziak proiektu bat jarri du martxan Bosnia-Herzegovinan. Teknika-mota ezberdinak erabiliz, arrisku-mapak sortu nahi dituzte, minak zer eremutan egon litezkeen hobeto zehazteko.
Amaitzeko, Alex Prior irakaslearen eskutik, eskrimaren sekretu eta xehetasunen berri ematen digu Nagore Rementeriak aste honetako Ktek atalean.
'Teknopolis' igande honetan emitituko da 15:00etatik aurrera ETB-1en eta 10:00etan ETB-2n. Asteazken gauean ETB-3n dago ikusgai 22:50ak inguruan.