Itxi

telebista

Larunbatean

Estitxu Fernandez gonbidatu, 'Hitzetik Hortzera' saioan

A.A.

EITB

Bilboko Alondegiko saio esperimentala eta Iturengo kontu egunekoa erakutsiko dituzte.

  • Estitxu Fernandez

    Estitxu Fernandez. Argazkia: EITB

Unai Elizasuk eta Asier Altunak ezohiko bertso jarduna eginarazi zieten Bilbon Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Aitor Mendiluzeri, bertsotarako gaiak bideoz (ikus-entzunezko pieza laburretan) emanaz, inolako azalpen gehigarririk gabe. Saio horretakoak eta Iturengo inauterien akabaila izan ohi den kontu eguneko bertso bazkarikoak izango dira asteon 'Hitzetik Hortzera'ko lehengaia. Iturengo ostatuan, elur bisutsetik epelean, ikaragarrizko giroa sortu zen, Julio Soto eta Andoni Egañaren kantuari eta iturendarren bertso goseari eskerrak.

Saio horiek emandakoaz, Bardoak 2012 Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako taldekako txapelketaz eta beste hainbat kontuz arituko da platoan Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo eta kazetari lesakarra. Gainera zuri-beltzeko AUSPOA atalean Eneritz Zabaletak aukeratu eta komentatutako pasartea Xalbadorren Odolaren mintzoa-tik; ZAPPINGean, Imanol Lazkano Lazkao Txikiren ateraldi bat kontatzen; eta BERTSOA.COMetik Zeanuriko jaialdiko zirku jokoa.

'Hitzetik Hortzera', larunbat bazkalostean, 'Gaur Egun'en ondoren, ETB-1en, eta aurretik ikusgai EITB Nahieran atarian.