Itxi

telebista

ETB-1en eta ETB-2n

Makinekin berbetan, aste honetako 'Teknopolis'en

A.H.

EITB

Horrez gain, Europako Espazio Agentziaren kohete berriak ezagutuko ditu.

  • Oihana Jauregi | Teknopolis

    Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Aste honetako 'Teknopolis' saioa makinekin komunikatzeko giza-ahotsaren erabilpenean murgilduko da. Izan ere, makinekin hitzez soilik komunikatzea errealitatea da gaur egun. Smartphonetan, esaterako, Interneteko bilaketa bat egin edo mezu bat bidal daiteke, botoi bat bera ere ukitu gabe, ahotsa soilik erabiliz. Hizkuntza-teknologiak garatzeko, Berbatek ikerketa-proiektua jarri dute martxan zenbait ikerketa-zentro eta erakundek. Ikerketaren lerro nagusietako bat ahotsaren prozesamenduari buruzkoa izan da: nola erabili giza ahotsa, gure hitzak, makinekin komunikatzeko. Orain dela egun gutxi eman zituzten ezagutzera proiektuaren lehen emaitzak.

Bestalde, Esther Rebato Otxoa Biologia Zientzietan doktorearekin izango dira. Antropologia Fisikoa irakasten du EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean. Estherrek aitortzen du beti nahi izan duela jakitea zergatik dauden pertsona desberdinak: zergatik duten batzuk beste batzuen antza , zergatik dagoen jendea altua eta baxua, lodia eta argala, iluna eta argia... Azken urteetan ijito-etniako pertsonen gain gizentasunak duen eragina aztertzen ari da. Ijitoengan eragin handia du loditasunak, eta ikerketan jakin nahi dute jateko ohituren eta egoneko bizimoduaren ondorioa den, edota gaitza garatzeko erabakigarria den generen bat ote duten.

Horrez gain, espaziora salto egiteko denbora ere izango du saioak. Europako Espazio Agentziaren kohete berriak Vega du izena. 1998an hasi ziren kohetea eraikitzeko lehen lanak eta dagoeneko egin du bere lehen hegaldia. Ariane koheteen ondorengoa izango da Vega. Datozen urteotan ESAren gailu berria batez ere ikerkuntzan erabiliko dute; haren eginbeharra izango da Lurrari behatzeko eta zientzia-misioetara bideratutako sateliteak orbitan jartzea.

Eta amaitzeko, izotz plakak antzemateko sistema ezagutuko du 'Teknopolis'ek, Trafik Meteor du izena Gertek enpresak errepideetan izotza garaiz detektatzeko asmatu duen sistemak. Meteorologia-estazio eramangarri bat da eta errepideen mantenuaz arduratzen diren ibilgailuentzat diseinatu dute.

'Teknopolis' igande honetan emitituko da 15:00etan ETB-1en eta 10:25ean ETB-2n.