Itxi

telebista

22:30ean

"Duelo en las Alturas" saioaren estreinaldia Anne Igartibururekin, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Euskal Herriko arkitekturan zehar asteroko bidaia proposatuko du saioak eta gure lurraldeko eraikuntza ikusgarrienak erakutsiko ditu aurretik telebistan erabili ez den eskanerraren teknologiarekin. Ikus-entzuleek, gainera, eraikin gustukoenaren alde botoa emateko aukera izango dute eitb.eus-en.

  • Anne Igartiburuk aurkeztuko du "Duelo en las alturas"

    Anne Igartiburuk aurkeztuko du "Duelo en las alturas". Argazkia: EITB Media

Gaur gauean, Euskal Telebistak "Duelo en las Alturas" saio berria estreinatuko du. Anne Igartiburuk aurkeztuta, Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia proposatuko digu saioak astero, 22:30etik aurrera.

Gure lurraldea garrantzi historiko eta artistiko handia duten eraikuntzez beteta dago: upeltegiak, hotelak, gazteluak, eraikin erlijiosoak, plazak... "Duelo en las Alturas" saioak horietako hiru monumentu ezagutuko ditu atal bakoitzean, eta inoiz ez bezala erakutsiko ditu, haien edertasunean eta berezitasunetan murgilduz. Eraikin bakoitzaren mila pasadizo, istorio eta berezitasun kontatuko dituzten adituak izango ditu Anne Igartiburuk gonbidatu, baina, batez ere, eraikinen handitasunean murgilduko dira.

Saioak telebistan inoiz ikusi ez dugun teknologia bat erabiliko du: eskaner bidezko teknologia, eraikuntzen hiru dimentsioko eredu erreala sortzen duen teknologia, hain zuzen ere. Horri esker, eraikinak ezagutzeko aukera ezberdinak eskainiko ditu: hormak zeharkatuko ditu, egituran zehar hegan egingo du, harresiak botako ditu eta elementu nabarmenenak birsortuko ditu. Gure ingurunea ikusteko eta ulertzeko modu berri bat izango da. Horrez gain, dronak erabiliko dituzte, zerutik, eraikin eta monumentuen ikuspegi ezberdin bat eskaintzeko.

"Duelo en las Alturas", berebat, lehiaketa bat izango da. Eraikin bakoitza euskal kultura eta gizartearen pertsonaia ezagun batek defendatuko du eta ikus-entzuleek eraikin edo monumentu gustukoenaren alde botoa emateko aukera izango dute eitb.eus-en.

Hiru eraikin erlijioso, lehen atalean

Gaur gauean, Anne Igartiburuk hiru eraikin erlijioso ikusgarri erakutsiko dizkigu. Eraikinen historia eta berezitasun arkitektonikoak ezagutuko ditugu, baita barruan gertatu diren istorio pertsonalak, kondairak eta gertaera bitxienak ere.

Hasteko, Urkiolako Santutegian barrena murgilduko da saioa. Urkiolako Parke Naturalaren bihotzean kokatuta dago, basoak eta Anboto mendiaren magiak inguratuta. Besteak beste, Anboto mendian kokatzen du euskal mitologiak Mari sorginaren bizilekua.

Ondoren, Zumarragako Antioko ermitara joango dira, eraikin eder eta ikusgarria. Bertan, Gipuzkoako folklorearen hitzordu garrantzitsuenetako bat ospatzen da urtero eta dantzariek ezpata-dantza eskaintzen diote Ama Birjinari.

Amaitzeko, Ondarroako Santa Maria elizara joango dira. Eraikinaren kanpoaldean, Kotxeleko-mamuak izeneko irudi ezagunak daude, emakumezkoen eta gizonezkoen figurak dira, eta Leokadiren kondaira ere bertan irudikatuta dago.

Eraikin bakoitza pertsona ezagun batek defendatuko du: Yolanda Alzolak Urkiolako Santutegia, Ainhoa Etxebarriak Ondarroako Santa Maria eliza eta Joseba Apaolazak Zumarragako Antioko baseliza.

Ikus-entzuleek martxan dute euren eraikin gustukoenaren alde boto emateko lehiaketa webgunean. Bertan, saioak eskainiko dituen irudi ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute. Eduki eta irudi ederrenak, gainera, saioren Instagram kontuan zabalduko dira.