Itxi

telebista

Haurren programazioa

Haurrei zuzendutako telebista eskaintza, astelehenetik ostiralera, ETB1en

EITB Media

Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 09:00etara, marrazki bizidunak eta "3 Ene Kantak" saioa eskainiko ditu ETB1ek.

  • "3 Ene Kantak" saioa

    "3 Ene Kantak" saioa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaurtik aurrera, haurrei zuzendutako programazioa eskainiko du ETB1ek goizero, 07:00etatk 09:00etara. Astelehenetik ostiralera, etxeko txikienek euren marrazki bizidun eta saio gustukoenak ikusteko aukera izango dute Euskal Telebistako lehen kanalean, euskaraz.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko programazioaren aldeko apustua egin du EITBk eta txikienengana hurbiltzeko ahalik eta leiho gehien erraztea du helburu. ETB3 haurrentzako telebista kanalaz gain, 3 klubeko euskarri digitaletan ere daude haurrentzako ikus-entzunezko edukiak eskuragai: webean, APPan, HbbTVn  eta 3 kluba Youtube kanalean.

ETB1en ikusgai izango diren edukien artean, "3 Ene Kantak" saio arrakastatsua eskainiko du ETB1ek 08:00etan. Eneko, Urbi, Argi, Astonauta eta Satorjator pertsonaiek, Antxus 3klubeko maskotarekin batera, abestiak, dantzak, esketxak, bideoklipak eta sorpresa ugari eskainiko dituzte, egunero.

Gainera, marrazki bizidun eskaintza zabala izango du ETB1ek goizeko ordutegi horretan: "Rita eta Krokodriloa" haurtzaroko emozioei buruzko marrazki bizidunen saio koloretsua; "Raa Raa lehoi orrolaria" eta bere oihaneko laguntxoen abentura zaratatsu eta dibertigarriak; "Helenaren eskola txikia" eta jostailuen lehen gelako nondik norakoak; bizitzarekin duen pasioa besteei erakutsiko dien "Mya Go" neska txikiaren animazio saila; "Mutil Neska Txakur Katu Sagu Gazta" familia ez ohikoaren abenturak; hondamendiari aurre egiteko balentriak "Dave Spuden mundu kaskarra" sailean; eta bere etxea eta bere lasaitasuna babesteko "Mike Miragarria" bulldog-aren ahaleginak.

Bestalde, aipatzekoa da "Danger Mouse" marrazki bizidunen estreinaldia. Eginbeharrak dei egin du, eta Danger Mouse, munduko agente sekretu handiena, prest dago ekintzarako. Greenback baroi maltzurraren burutazio zitalengandik babestu beharko ditu London hiria eta unibertso paralelo anitzak. Marrazki bizidun berri hauek datorren urriaren 11n hasiko dira ETB1en baina dagoeneko 3klubeko euskarri digitaletan daude ikusgai eta ETB3n gaur bertan hasiko dira.