Itxi

telebista

Asteazkenean

Jon Garcia eta Iñaki Lejarreta kirolariak, 'BAT to London 2012' saioan

EITB

Saioaren zortzigarren atalak Londoneko Joko Olinpikoetan parte hartzeko prestatzen ari diren euskal kirolariak jarraituko ditu.

  • Londoneko joko olinpikoak | Bat to London | Iñaki Lejarreta

    'Bat to London', Iñaki Lejarreta. Foto: EITB

Londoneko Joko Olinpikoetan parte hartuko duten euskal kirolarien berri eman ohi du hilabetero 'BAT to London 2012' saioak eta asteazken honetan emitituko den zortzigarren atalak Iñaki Lejarreta txirrindularia eta Jon Garcia taekwondolaria izango ditu protagonista. Gainera, Almudena Cid gimnasta ohiak bere kirol ibilbideari emango dio errepasoa, beti ere Olinpiar Jokoetan egindako lana aztertuz.

Iñaki Lejarretak (Berriz, 1983) Beijingo Joko Olinpikoetan hartu zuen parte mendiko bizikletako cross country diziplinan, zortzigarren postuan amaituz eta ondorioz diploma olinpikoa eskuratuz. Orbea Racing Team taldeko kidea da Lejarreta eta martxoaren 19an ekingo dio denboraldi berriari Hegoafrikan, bertan ekingo baitzaie Londreserako puntuagarriak izango diren Munduko Kopako probei. Saioan kirolariaren gogoetak entzuteaz gain, bere osaba Marino ere mintzatuko da eta baita bere prestatzailea den Naiara Teletxea.

'BAT to London 2012' saioko beste protagonista nagusia Jon Garcia izango da (Bilbo, 1977), 84 kiloz azpiko mailan bi aldiz Europako txapeldun izandakoa eta jokoetako azken bi hitzorduetan izandakoa (Atenas eta Beijingen). Egun Londreserako sailkapena lortzea du buruan, era horretan bere kirol ibilbidea era dotorean amaituz. Saioko lan-taldeak Zamoran egin dio bisita Joni, bertako Kang Klubean ari baita bere emaztearekin batera lanean.

Almudena Cidek beteko du oraingoan jokoetan egondako euskal kirolari beteranoen atala, bera da erreskadan lau final olinpikotarako sailkatu den gimnasta bakarra (Atlanta, Sidney, Atenas eta Beijing). Gasteiztarrak bizi izandako momenturik hunkigarrienak ekarriko ditu gogora eta kanpotik lehiaketa nola ikusten duen plazaratuko du saioan.

Hilabetero bezala Londonen azken hilabetean emandako nobedadeen berri ere emango du otsaileko atalak. Bertan, pistako probak hartuko dituen belodromoaren inagurazioa egin da euskal txirrindularien ordezkaritza zabalarekin. Jokoetako izen handien tartean ez dira dominak faltako, Michael Phelps eta Mark Spitz, inoizko bi igerilariren arteko konparaketa egingo baitute Euskadiko zenbait adituk; Los Angeles 84an egondako Harri Garmendia igerilariak edota ETBko Xabier De la Fuente kazetariak besteak beste.

'BAT To London 2012' asteazken honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en.