Itxi

telebista

Goizuetan

"Azken Partida" saio bereziarekin omenduko du gaur EITB Mediak Aimar Olaizola pilotaria

EITB Media

Iruñeko Labrit pilotalekua telebistako plato bihurtuta, Goizuetako txapeldun handiak senitarteko, lagun, herritar, pilotari eta zaletuen aitorpena eta maitasuna jasoko du. Momentu hunkigarriak biziko dituzte bertaratuek Aimarren ibilbideko pasarteak gogora ekarriz, eta sorpresak ere izango dira

0:29
Aimar Olaizola

Gaur, jaioterrian, Goizuetan, hartuko du erretiroa Aimar Olaizola pilotari handiak, eta etxeko izan duen beste pilotaleku batean, Iruñeko Labriten, jasoko du ETBren omenaldi berezia. Biak ala biak ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango ditugu: pilota jaialdia zuzenean 17:00etan hasita eta "Azken Partida" saio berezia (astearte arratsaldez grabatu zena) 22:00etan. 

Aimar Olaizola Asier anaia ondoan duela

Aimar Olaizola Asier anaia ondoan duela

Iruñeko pilotaleku 'zaharra' telebistako plato bihurtuko da gau batez. Bertan, senitarteko, lagun, herritar, pilotari eta zaletuen aitorpena eta maitasuna jasoko du Goizuetako txapeldun handiak. 26 urteko ibilbide profesionalari agur esateko prestatutako saioan une hunkigarriak biziko dituzte bertaratuek ez ezik, programa etxetik jarraituko duten ikus-entzuleek ere bai. 

Xabier Euzkitzek gidatuko du saio berezia eta pilota emanaldietan bezala, Elena Azpeitia harmailetan egongo da elkarrizketak egiten. Kantxa erdian kokatutako gunera iristen lehena Aimar Olaizola izango da eta azkenak emaztea eta lau seme-alabak. Asier anaia, Karlos eta Joseba Arguiñano eta Juan Martinez de Irujo ere pasako dira bertatik. Iberoko pilotari ohiaren agerraldiarekin goia joko du saioak, kantxan arerio izan zireneko garaiak gogoratuz. 

Aimar Olaizola familiarekin

Aimar Olaizola familiarekin

Goizuetako pilotaria aho bete hortz utziko duten beste hainbat sorpresa ere izango dira emanaldian zehar: Manolo Arozena osabaren bertsoa, Goizuetako herri eskolan eta Paz de Ziganda pilota eskolan grabatutako bideoak, koadrilako lagunen mezuak… 

Oroitzapen eta momentu zirraragarriz betetako saioa izango da larunbat gauean ikusgai izango dugun "Azken Partida", 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.