Itxi

albistea

'Goenkale' telesailean

Koldoren heriotzak samina dakar Arraldera

A.A.

EITB

Martxoaren 26ko atalean agur esan digu Iñigo Larrinagak herzurmamitutako pertsonaiak. 18 urte egon da aktore bizkaitarra ETB-1eko telesailean.

  • Koldo 'Goenkale'n.

    Koldo. Argazkia: EITB

Isilpean eraman duen gaixotasunak gaindituta, Koldok agur esango digu betirako asteleheneko 'Goenkale' telesailaren atalean. Heriotzak saminduta utziko ditu Arraldeko bizilagunak eta bereziki bere hurbilekoak, Leonor emazte ohia eta Milena euren alaba, baita Itxaso eta Nekane lagun minak ere.

Hilabete luzez minbiziaren aurka borrokatu da Koldo, baina gaixotasunaren erasoa bortitza izan da, gaindiezina. Alabaina, azken unera arte Koldok bizitzeko adore eta kemena erakutsi du. Diskrezioz jokatu du, bere egoeraren berri inori eman gabe eta ohiko bizitza eginez.

Bizitzaren hondarretan, gertukoei agur esateko aukera izan du Koldok, bere azken bidaiari ekin aurretik. Izan ere, geratzen zaion denbora belaontzi batean igarotzea da bere desioa, lasai, inork sufritzen ikusi gabe, hots, bizitzako une ederrenak gogoratzeko aldartea: bere lehen ezkontza, Anerekin; Sobia tabernan lagunekin igarotako uneak; Leonorrekin ezkondu eta elkarrekin Milena harreran hartu zutenekoa…

Izan ere, Koldok, Iñigo Larrinaga aktoreak hezurmamituta, ibilbide luzea egin du 'Goenkale'n 18 urtez. Hasieratik egon da bertan eta telesailarekin batera hazi da. Foru Aldundian lan egiten zuen mutil gazte agintzaile, berekoi eta handinahi hark apaltasunez eta umiltasunez jokatzen ikasi du denboraren poderioz, bizitzako gazi gozoek erakutsitakoari esker. Gizon estimatua da orain Koldo, bere eginbeharrekin arduratsua eta oso bihozbera, besteei laguntzeko prest.