Itxi

albistea

Kultura eskaintzak

House musika El_Txef_Aren eskutik 'EITB Kultura' tartean

M.A.

EITB

Antzerkia, moda eta arkitektura aste honetako edukien artean

  • EITB Kultura

    'EITB Kultura'. Argazkia: EITB

Gernikako El_Txef_A musikariaren lan berriarekin zabalduko dute Euskal Telebistako 'EITB Kultura' saioa aste honetan. Musika elektronikoa eta Housea lantzen dituen sortzaileak Slow dancing in a burning room disko berria kaleratu du eta egitasmo honen inguruan solastatuko da. Gainera, gustuko duen musika estiloaz mintzatuko da ere.

Bestalde, Tempus,-i  lanaren aurrerapena eskainiko du ETBko tarteak. Ikuskizun honen egileak Noemí Viana eta Eneko Gil dantzariak eta Iñigo Ortega aktorea dira. Anakrusa taldeko kideek proiektu honen inguruko azalpenak emango dituzte.

Arkitekturaren alorrean, Adrian Lasquibar izango dute mintzalagun. Bere estudioak Gasteizko Santa Klara parrokia berriaren eraikuntza lanak zuzendu ditu. Hiru elementu nagusi ditu erlijio gune moderno honek, Eliza, Parrokia Bulegoak eta Apaiz-etxea.

Ondoren, Paul Lertxundiren eskutik moda kontuak hartuko dituzte mintzagai. Gernikako sortzaileak GetxoModako diseinatzaile gazteen saria lortu zuen, eta horrenbestez, Euskadiko moda ekimen garrantzitsu honetan bere arropa bilduma erakusteko aukera izango du.

Bukatzeko, Atx Teatroaren Gabriel Gabrielle ikuskizunaren berri emango dute. Gizakiaren kontraesana dakar eszenara lan honek; aurpegi biko txanpon bera, besteen aurrean izan gura duguna eta benetan garena. Iñaki Ziarrusta aktoreak bakarrizketaren nondik norakoak azalduko ditu.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:15etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:15etik aurrera ETB-2n eta ostegunean 23:00etan ETB-3n.