Itxi

telebista

''Atrápame Si Puedes''

Alex Orbe, "Atrápame Si Puedes"-eko irabazlea: "Konbentzitu nintzen ez zegoelamodurik saria irabazteko"

EITB Media

Alex Orbek "Atrápame Si Puedes" lehiaketako 160.000 euroko saria irabazi du ostegun honetan. Bere alabak animatu zuen aurkez zedin, etxeko sofatik azken bost galderak asmatu ostean. Lau programa soilik behar izan ditu saria etxera eramateko.

  • Alex Orbe, "Atrápame Si Puedes" lehiaketako saria irabaztean.

    Alex Orbe, "Atrápame Si Puedes" lehiaketako saria irabaztean. Argazkia: EITB Media

160.000 euro irabazi ditu Algortako (Bizkaia) diseinatzaile batek, Alex Orbek, "Atrápame Si Puedes" lehiaketaren gaurko saioan. Astelehenean parte hartu zuen lehendabizikoz, eta lau programa besterik ez du behar izan azken bost galderei erantzun zuzena emateko. Kaxmir-artileari esker irabazi du lehiaketako saria. Denbora amaitu baino hiru segundo lehenago eman du azken erantzuna. Artile hori ematen duen animalia: ahuntza.

Zein izan zen zyre erreakzioa "Atrápame Si Puedes"-eko saria irabazi zenuenean?

Ezin sinetsi. Gau hartan ez nuen lorik egin urduri nengoelako eta jazotako dena gogoratzen. Uste nuen imajinatu egin nuela, ez zela benetan gertatu.

Noiz hasi zinen sinesten irabazi zenuela?

Apurka-apurka, hasieran ez da erraza. Loteria irabaztea bezalakoa izango da, ikusi arte ez duzula sinesten. Nire emazteak bakarrik daki, ez nuen nahi bihotzekoak ematea saioa ikustean. Gainerakoei ez diet ezer esan, ezta hasieran lehiatzera nindoanik ere.

Egun gutxi eman dituzu lehiatzen.

Ia ezer ere ez. Oso azkar gertatu da guztia. Asteazken batean egin nuen castinga, eta hurrengo astelehenean hasi nintzen lehiaketan.

Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia aberasgarria izan da. Lantaldearen profesionaltasuna gustatu zitzaidan, lehiakideon arteko harremana... Tentsioan igaro nuen, egoera estresagarria delako, baina baita oso gustura ere. Ondo dago konfortetik irtetea. Castingean esan nuen nire leloa dela "absurdoa dirudien dena segituan egin behar da". Txantxa dirudi, baina egia da. Oraingo honetan, ondo atera da; beste batzuetan, aldiz, ez hainbeste. Zorte handia izan dut.

Bigarren saioan, asteartean, irabazteko zorian egon zinen. "Georgia" erantzutea falta.

Georgia inguratzen duten estatu ia guztiak aipatu nituen. Kalean esan didate telebistari oihuka ibili zirela "Georgia" esanez.

Saria eskuratu zenezakeela uste al zenuen?

Sumatu nuen azkenaldian erantzunak errazagoak zirela, etxean jada hainbatetan lortu nuen bost erantzunak asmatzea. Duela hilabete batzuk ia ezinezkoa zen, baina zailtasuna txikiagoa zen oraingoan. Harritu egin ninduen asteartean saritik hain gertu egotea. Pentsatu nuen aukera bakarra izan nuela eta esku artetik ihes egiten utzi niola. Konbentzitu nintzen ez zegoela modurik saria irabazteko

Eta handik bi egunetara, 160.000 euro. Espero al zenuen?

Baita zera ere! Saioaren hasieran segurutzat jo nuen ez nintzela eskaileretara iritsiko. Zaila da! Proba batzuetan, jakintza ez ezik zoria eta zortea ere behar dira.

Zure alaba izan zen lehiaketara aurkezteko tematu zena. Arrazoia eman beharko diozu! 

Bete dut nire hitza. Egia da berak duela neu aurkeztu izanaren kulpa. Argi dago etorkizunean gehiago egin behar diodala jaramon.

Lau egun horietako oroitzapen kuttunik bai?

Saria irabaztear nengoela, programako talde guztia eta gainerako lehiakideak bertan zeuden. Patxi Alonso eta biok pantailan agertzen gara, baina gainerakoak parean nituen saria irabazteko irrikaz. Azken erantzuna eman nuenean, egundoko poztasuna izan zen, bai niretzat, bai horientzat. Hala ez bada, ondo egiten dituzte plantak! Eskertzekoa da jaso nuen laguntza guztia. Platora iritsi eta ez duzu inor ezagutzen, eta familia txiki bat sortzen da programak iraun bitartean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista