Itxi

telebista

Zakua

Maite eta Sheila gasteiztarrek "Esto No Es Normal"en lehen zakua irabazi dute, 162.900 euroko saria lortuz

EITB Media

Bikote irabazleak, ama-alabak, lortutako diruaren zati bat ADELA fundaziora bideratuko du, ELA gaixotasuna dutenen bizi-kalitatea hobetzea helburua duen elkartea.

  • Sheila eta Maite "Esto no es Nomal" saioko zakua eraman dutenean

    Sheila eta Maite saioko zakua eraman dutenean. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Gasteizko Maite de Santos (64 urte) eta Sheila Borinaga (44 urte) ama-alabek "Esto No Es Normal" lehiaketako lehen zakua irabazi dute. Igor Siguerok eta Nerea Aliasek aurkeztutako saioak 156.200 euroko zakua zuen pilatuta. Bikote irabazleak 12 arratsaldez segidan jokatuta bildutako dirua batuta, guztira 162.900 euroko saria irabazi dute.

Sariaren zati bat, 20.000 euro, ADELA fundaziora bideratuko du bikoteak; ELA gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen eta haien familiei laguntza ematen lan egiten du elkarteak, gizartea gaitzaren inguruan sentsibilizatzearekin batera. Alboko Esklerosi Amiotrifikoa (ELA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, neurona motorren endekapen progresiboa ezaugarri duena.

Bi lehiakideek gertutik bizi izan dute gaixotasuna. Armando, Sheilaren senarra, ELA diagnostikatu eta urtebetera zendu zen. Hamar hilabeteren buruan, Luis, Maiteren senar eta Sheilaren aita, hil zen bat-batean bihotzekoak jota. Egun batetik bestera bi emakumeen bizitza guztiz irauli zen.

Alargunduta, ama-alabak elkarrekin bidaiatzen hasi ziren. Biek batera ostalaritza negozio bat aurrera eramanez, umoretsu eta irribarrea galdu gabe egin dute bizitzan aurrera. "Esto No Es Normal" saioko kamerak euren arteko harreman onaren lekuko izan dira. Atalez atal, emakume kementsuak direla eta oztopoak oztopo, nor bere mugak gainditzeko gai izan gaitezkeela erakutsi dute.

Hamabi astez jarraian lehian aritu ostean, 6.700 euro bilduta zituztenean heldu zen egun handia. Zortzi galderak zuzen erantzunda, koadrilako kideen artean Aida aukeratu zuten azken galdera egiteko. Nork irabazi zuen aktore onenaren Oscar saria 2001ean Erin Brockovich pelikularekin? Erantzun zuzena eman ostean, Julia Roberts, 156.200 euroko zakua eskuratu zuen bikoteak. Honi aurretik bildutako dirua batuta, 162.900 euroko saria irabazi zuten.

"Esto No Es Normal" saioan parte hartzen zuten bigarren aldia zen. Lehen egonaldian, ederki pasa arren, ez zuten euro bakar bat ere irabazi. Horregatik, berriz ere castingera aurkeztea erabaki zuten, eta koadrilako kideek bikote bat itzultzea nahi dutenean abesten duten "errepeska" ospetsuan sartu ziren.

"Esto No Es Normal" ez da galdera-erantzunen ohiko saioa. Premisa erraza da: Normala al da hau edo bestea egitea? Hortik aurrera saioak hainbat galdera egiten ditu, eta lehiakideek jendartearentzat normala den edo ez asmatu behar dute. Platoan, sexu, adin eta jatorri ezberdinetako zortzi lagunek osatutako koadrila bat dago, eta hain inguruko galderak ere egiten dizkiete, itxuraren arabera asmatu beharrekoak: Zortzi pertsona hauetatik zeinek eman zion munduari bira maitasunagatik? Koadrilatik nor da opera-abeslaria?

"Esto No Es Normal" saioak bi denboraldi daramatza Euskal Telebistan eta audientziaren harrera bikaina izaten ari da bere ordu tartean. Denboraldi honetan, bataz beste, % 9,9 audientzia-zatia eta 118.0000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu. Nerea Aliasek eta Igor Siguerok aurkeztuta, astelehenetik ostiralera da ikusgai, 16:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.