Itxi

telebista

22:15ean

Putinen ibilbidea, espioi izatetik presidente izatera, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITBMEDIA

Mikel Reparazek Vladimir Putin presidente errusiarraren biografia errepasatzen duen dokumental minisail britainiarra aurkeztuko du.

  • 'Putin: de espía a presidente' dokumental sortaren irudia

    'Putin: de espía a presidente' dokumental sortaren irudia

Errusiaren erabakiek eta ekintzek nazioartean eragin nabarmena duten une honetan, Putinen irudian sakontzea beharrezkoa bilakatu da. Mikel Reparazek, ETBko albistegietako nazioarteko buruak, Putin: de espía a presidente dokumentala aurkeztuko du gaur gauean. Errusiako liderraren ibilbideari buruzko hiru ataleko minisaila, ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai 22:25etik aurrera.

Dokumental berritzaile honek Putin presidente eztabaidatuaren ibilbidean murgilduko gaitu; bere lehen urteetatik hasi, eta espioiaren figura nola moldatu zuen azaldu arte. Gainera, Putinen zirkulurik gertukoenaz arituko dira, eta bere aurkarien eta biktimengan ere jarriko dute arreta osoa. Bere presidentetza polemikoaren artxiboko irudi ikusgarriak ere eskainiko dituzte.

Lehen atala Putinen gorakadari buruzkoa izango da. Espioien thriller bat bailitzan, Putin Leningradoko kale gogorretan sortu eta hazi zen. Dokumentalak KGB inteligentzia agentzian sartu zeneko garaiak aztertuko ditu, eta errusiar espioitzan bidea nola egin zuen erakutsiko du. Sobietar Batasuna erori ondoren, Boris Yeltsinen lekukoa hartzeko egin zituen mugimenduak eta planak ere izango dituzte hizketagai.  

Bigarren kapituluak, Vladimir Putin Kremlinera nola iristen den azalduko du. Hasiera batean, presidente ezezagun eta ahula bezala ikusiko dute Errusiako oligarkek, eta erraz kontrolatuko dutela usteko dute. Baina, KGB agentziako kideez inguratuta, Putinek boterean sendo eustea lortuko du.

Hirugarren eta azken zatiak 2012ari begiratuko dio. Lau urteren ostean, Vladimir Putin presidentetzara itzuli zen. Protesta sutsuekin hartuko dute; eta ustelkeria salaketek eta Estatu Batuen zigorrek, berriz, bere agintaldia ilunduko dute. Boterea utziko du inoiz?

Putin: de espía a presidente dokumentala, gaur, 22:25ean, ETB2n eta eitb.eus-en.