albistea
Ospakizuna
Munduko pastel errusiar handiena, 'Robin Food'ek 500. saioa dela eta
A.H.
EITB
Radio Vitoriak San Prudentzio egunez egin ohi duen txokolate janean hartuko du parte David de Jorgek, pastel errusiarraren 6.000 zati banatuz.
'Robin Food'ek 500 saio beteko ditu Euskal Telebistan eta oso modu entzutetsuan ospatuko du, David de Jorge aurkezlearen estiloari jarraiki. San Prudentzio egunez Radio Vitoriak Gasteizko Plaza Berrian egin ohi duen txokolate janean hartuko du parte sukaldariak datorren larunbatean, apirilak 28, arratsaldeko 18:00etan. Bide batez, Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkartearen laguntzarekin, munduko pastel errusiar handiena egingo du.
Ekitaldiaren aurkezpena asteazken honetan izan da, Gasteizeko Goya gozotegian. Lucas Irigoyen Radio Vitoriako zuzendaria, Luis Mari Lopez de Sosoaga Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkarteko presidentea eta David de Jorge sukaldaria izan dira bertan. Aurkezpenera hurbildu direnek munduko pastel errusiar handiena izango denaren aurrerapen bat dastatzeko aukera izan dute.
Pasa den urteko 'Super Filete Ruso' munduko hanburgesa handienaren prestaketarekin Bilboko Areatzan izandako arrakasta errepikatu nahiko du David de Jorgek. Horretarako, Radio Vitoriak 25 urtez San Prudentzio egunean antolatutako txokolatadarekin bat egingo du. 6.000 txokolate kikara banatuko dira, munduko pastel errusiar handienaren 6.000 zatirekin batera.
Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkartearen laguntzarekin pastel errusiar txikiez osatutako piramide handi bat osatuko da. Piramidea dimentsio handiko eszenatoki baten gainean egongo da. Eszenatoki horrek 4x3 metroko oinarri baten gainean eutsiko dio 1'8 metroko altuera izango duen pastel errusiarrari. David de Jorgek, pastelgileen laguntzarekin, banatuko ditu pastel zatiak eta txokolate kikarak Gasteizeko Plaza Berrira hurbilduko den jendearen artean.
Horrez gain, ekitaldira hurbilduko direnek Radio Vitoriako 'Bogart Baila con Lobos' zineari buruzko saioa entzuteko aukera izango dute, irratsaioa bertatik egingo baitute. EITB taldeko irratiak harreman estua izan du beti San Prudentzio egunarekin eta aurtengo ekinaldia berezia izango da, jaietako pregoia 'El Madrugador' saioko gidariek, Ivan Pascual eta Roberto Floresek, irakurriko baitute.
'Robin Food'en 500 saioak
David de Jorgek 500 saio beteko ditu 'Robin Food' sukaldaritza tartearekin. Astelehenetik ostiralera, 14:30ean, ETB-2n, sukaldaritzarako hainbat trikimailu eta errezeta eskaintzen ditu hondarribiarrak.
Saioa egunero jarraitzen duten lagunen leialtasuna saritzeko asmoz, Tonelaje izeneko lehiaketa antolatu dute. Ikus-entzuleek euren errezetak bidali beharko dituzte eta trukean, hainbat sari irabazteko aukera izango dute: urte osorako arrautzak edo eta etxetresna elektrikoak. Errezetak blogaren eta robinfood@eitb.com posta elektronikoaren bidez jasoko dira.
Denboraldi honetako berrikuntzen artean, gainera, Martin Berasategi sukaldari ezaguna astean birritan izango da David de Jorgeren sukaldean lanean, pasa den denboraldian baino maiztasun handiagoz.