Itxi

telebista

Estreinaldia

"Naufragoak", abentura reality berria, datorren ikasturtean, ETB1en

EITB Media

"El Conquis"en sortzaileen eskutik, Karibean girotuta egongo den reality ikusgarria estreinatuko du ETB1ek datorren ikasturtean. Lur Errekondo eta Iñigo Vicens dira aurkezleak eta lehiakideak bikoteka arituko dira.

  • Lur Errekondo eta Iñigo Vicens, "Naufragoak" saioko aurkezleak

    Lur Errekondo eta Iñigo Vicens, "Naufragoak" saioko aurkezleak. Argazkia: EITB Media

Euskal Telebista abentura reality berri bat prestatzen ari da ETB1erako. Euskaraz egindako ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustu berria "El Conquistador del Caribe" reality arrakastatsuaren sortzaileen eskutik dator eta irailean estreinatuko da. Aurretik, hori bai, Gasteizko FesTValen aurkeztuko dute.

Lur Errekondo harrijasotzailea eta eskubaloi jokalaria eta Iñigo Vicens prestatzaile fisikoa dira saio berri honen aurkezleak. Karibean girotutako abentura ikusgarria izango da eta lehiakideak bikoteka arituko dira. Parte-hartzaileek abentura gogorrari aurre egin beharko diote, mugako egoerak bizi eta saioren erronka ezberdinak gaindituz.

Karibe itsasoak paradisuzko hare zuridun hondartzak ekartzen dizkigu gogora eta palmeren itzalpean, ron eta fruta tropikalez egindako edaria eskuetan, hamaka batean lasaitasun oporrak imajinatzen ditugu; baina guzti hori lehiakideek biziko duten errealitatetik oso urrun dago.

Karibea urakan eta arrisku ezberdinez beteriko kostaldea da. Hondartzen lehen lerroan dauden kokondoak atzean izkutatzen den infernuaren ateak dira besterik ez, sugeen, armiarmen eta milioika moskitoen bizilekua. Gainera, hezetasunak eta puntako tenperaturek bertan bizirauteko baldintzak gogortu baino ez dituzte egiten. Lehiakideek ez dute inongo luxurik izango eta behar bezala prestatu beharko dira saioan parte-hartzeko.

Benetako abentura bat bizi nahi dutenek castinga@hostoil.tv helbidean izena eman beharko dute, bikoteka. Edozein bikoterekin aurkezteak ere ez du balioko, izan ere, benetako harreman bat duten bikoteek bakarrik parte hartuko dute abentura berrian, besteak beste, lagunak, lankideak, senideak eta bikotekideak.