Itxi

albistea

Urteurrena

EITB sortzeko Legearen onarpenaren 30. urteurrena, maiatzaren 20an

A.E.

EITB

Gernikako Estatutuan zehaztutakoarekin batera Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen babespenean, Euskal Irrati Telebista sortu zen

01:38
30 urte EITB sortzeko legea onartu zutela

1982ko maiatzaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Euskal Irrati Telebista sortzeko legea. Beraz, datorren igandean Euskal Irrati Telebistaren sorreraren 30. urtemuga beteko da. Maiatzean bertan Gasteizen talde bat lanean hasi zen eta ondoren, abuztuan, Alemaniako Hamburg estudioetara profesional talde bat telebistan jarduteko trebatzera joan zen.

Azaroaren 23an Euskadi Irratiaren emisioak hasi ziren. Euskal Telebista, berriz, 1982ko abenduaren 31n, gauerdiko hamabietan ikusi zen aurrenekoz Euskadiko etxeetan eta hurrengo urtean, otsailaren 16tik aurrera emisioa erabat arautu zuten. Garai hartan 30 lagun aritu ziren Iurretako egoitzan, euskara hutsean egiten zen programazioa eskaintzeko.

Urte batzuk geroxeago, 1986ko maiatzaren 31n, ETB-2 gaztelaniaz emititzen duen katea sortu zen eta, gaur egun, nazioarte mailako beste bi kate gehiago daude.

ETB-Sat horietako bat da. 2001eko maiatzean sortu zen eta Europako 87 milioi etxetara iristen da irekian ASTRA satelitearen bitartez. Espainiako Estatuan Digital + plataforman ikus daiteke.
Canal Vasco, Ameriketarako pentsatutako katea dugu gehienbat. Ikusleek kable enpresen edo DTH amerikarren bitartez jaso dezakete eta Jumptv-ren bidez internet bidez ere hedatzen da.
2008ko urrian ETB-3 katea jarri zen abian, Lurreko Telebista Digitalaren bidez ikusgai dagoena.Gazteei eta haurrei zuzendutako edukiak eskaintzen ditu batik bat, baita kultura ere; eta euskara hutsez emititzen da.

Gainera, EITB taldea osatzen duten bost irrati kateek egunean 460.000 entzule baino gehiago dituzte. Izan ere, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Euskadi Gazteak eta Radio EITB Irratiak irrati arina, modernoa eta hurbilekoa eskaintzen dute.

Interneteko eskaintza eitb.com atarian dago. Lau hizkuntzetan dago: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Albiste eta entretenimenduzko eduki eskaintza oparia du bere baitan. EITB nahieran atarian gainera, eskuragai daude EITBko eduki nabarmenenak.

EITB, sorreratik, adierazpen eskubidea babestearen alde eta komunikatzeko eta informazioa jasotzeko eskubideen alde jarri da. Konpromiso horretan gizarte demokratiko baten eskakizunak betetzea eta euskararen normalizazioa sustatzea izan ditu gidalerroak.