Itxi

telebista

Final handia

Arruti, Aini, Line eta Jokin. Nor izango da "El Conquistador"eko garailea?

EITB Media

39 lehiakide gogorrek ekin zioten abenturari. Hainbat joko, norgehiagoka eta kanporatzeren ondoren, lau soilik iritsi dira gaur ikusiko dugun final handira.

  • Arruti, Aini, Line eta Jokin, El Conquis 2022ko lau finalistak

    Arruti, Aini, Line eta Jokin, El Conquis 2022ko lau finalistak

Iritsi da "El Conquistador del Caribe" saioaren final handia! Gaur gauean jabe berria izango du ikurrinak. 39 lagunek, lehiakide gogorrak guztiak, ekin zioten abenturari Haitises inguruan. Hainbat hilabeteko abenturaren ondoren; gosea, joko gogorrak eta norgehiagoka itzelak gainditu ondoren; horietako lau soilik iritsi dira azken probara. Arrutik, Ainik, Linek edo Jokinek izango dute ametsa egia bihurtzeko aukera.

Jokin izan zen finalerako txartela lortu zuen lehen lehiakidea. Nagusitasun handiz irabazi zuen tranpolinen jokoa; alde handia atera zien gainerako lehiakideei eta, nahi izan bazuen, tartean atseden hartzeko denbora ere izango zuen. Amaiera atsegina izan duen "Andrea Edurnezuriren ipotxetako" bakarra izan da. Azken ahalegina falta zaio Algortara atseden hartzera itzuli aurretik eta ikurrina bereganatzeko gogo biziz dago.

Iazko lehen kanporatua izan zen Arruti, aurten, ordea, finalera iristea lortu du. Iazko edizioan bizi izan ez zuen guztia ongi probestu du oraingoan: dueluak irabazi ditu, kanpaleku aberatsean gozatu du, baita txiroan asko sufritu ere. Etxera itzultzean, Unairekin egin duen adiskidetasuna eramango du motxilan eta, agian, baita garaipena ere.

Ainik gaizki hasi zuen abentura; Atabey taldean aritu zen eta beldurrezko filme bat zirudien egoera hark. Ingurura begiratzen zuen bakoitzean, taldekideetako bat falta zuen. "Non dago Lide? Non Ohiane? Non talde osoa?" Etsaiak bere beldur zirelako biziraun du Ainik, inork ez zuelako dueluetarako aukeratzen. Orain, ordea, bere aurka aritu beharko dira azken proban eta bere beldur izateko arrazoiak zeintzuk diren erakutsiko du.

Finalerako txartela lortzen azkena, Brasilgo lehiakidea izan da: Line. Lehiakideetako batzuk izan dira Lideren beldur, Jokin batik bat; duelurako azken aukera gisa jarri zuen nahiz eta Yocahu taldeko kide izan ziren. Linek "Conquis"eko historiako errekorretako bat gainditu du bere jardunean: banbuen dueluan banderatxoa lortu duen lehiakide apurretako bat da bera. Luisitok, Nahiak eta Linek soilik lortu dute marka hau urte hauetan guztietan.

Lau finalistek gogor borrokatu beharko dute iazko txapeldunaren, Nahiaren, ondorengoak izateko. Proba ikusgarria eta gogorra gainditu beharko dute horretarako. Conquisen historian lehen aldiz, gainera, orain arte inoiz ikusi gabeko leku zoragarri batean egingo da azken neurketa. 

Ahalegin guztiei, goseari, sufrikarioari eta jejeneek eragindako zauriei amaiera emango dien eguna astelehena izango da. Final handia zuzenean ikusi ahal izango da ETB2n eta eitb.eus-en bi txandatan:

- 20:00etan - Finalaren aurrekoa zuzenean jarraitu ahal izango da. Gonbidatu guztiak ETBren Miramongo estudioetara nola iristen diren ikusiko dugu.

- 22:30ean - Saio berezia hasiko da zuzenean eta platoetatik, abenturan parte hartu duten guztiak bertan direla. Azken proba ikusiko dugu eta 2022ko "El Conquistador del Caribe"ko irabazlea nor izan den jakingo dugu. 

Arruti, Aini, Line eta Jokin. Lau izen horien artean dago saioko garailea.