telebista
Dokusail berria
Gazte talde baten arazoak gainditzen laguntzeko proiektu berria martxan
EITB Media
Ez duzu zoriontsu izateko arrazoirik? Arazoei aurre egiteko irtenbidearen bila zabiltza? Hala bada, EITB Mediaren egitasmo berri honek lagundu zaitzake.
-
Dokusail berria, laster. Argazkia: EITB Media
Koronabirusaren pandemiaren eraginez, depresio, antsietate eta estres egoerak areagotu egin dira, batez ere, nerabe eta gazteen artean. Errealitate berri baten aurrean normala da hori gertatzea, eta ahalik eta bizkorren aurre egitea komeni da. Egoera hauekin identifikatuta sentitzen bazara, eta 18 eta 25 urte artean badituzu, EITB Mediak martxan jarri duen egitasmo berri hau lagungarri izan dezakezu.
Arazoei bakarka aurre egiteko gai ikusten ez diren gazteei entzuteko helburuarekin sortu da udazkenean pantailetan izango dugun ikus-entzunezko proiektu berri hau. Momentu oro psikologo talde batez inguratuta, norbere istorioa besteekin partekatu eta arazoak gainditzeko bidaia hasteko prest dauden gazteen bidelagun izan nahi du dokuserie honek.
EITB, zerbitzu publikoa
EITBren helburua gazteek bizi duten errealitate honi ikusgarritasuna ematea da, horien arazoak ikuspegi psikologiko batetik aztertuz. Horretarako, gazte protagonistei hitza emango die, arazo psikologikoen gaineko estigma eta tabuekin amaitu eta horiek gainditzeko bidaian gizartearen onarpen eta normalizazioa lortzeko.
Telebistaren apustu berri honekin, EITBk euskal gizartearen eraldaketa eta garapenean partehartze aktiboa hartzen du bere gain, gizartea hobetzen laguntzeko telebistako edukien aldeko Tv that matters nazioarteko pentsamoldearekin bat eginez.