Itxi

telebista

4. denboraldia

"Una Historia de Vasconia" saioak denboraldi berria estreinatuko du gaur ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Alberto Santana historialariak Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du astero.

  • Alberto Santana historialaria

    Alberto Santana historialaria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur, "Una Historia de Vasconia" dokumental sortaren laugarren denboraldia estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en 22:30ean. Alberto Santana historialariaren eskutik, ikerketa eta aurkikuntzak ardatz dituen bidaia ikusgarria eskainiko du saioak, Erdi Aroan hasi eta XX. mendera arte, iraganeko gertaera handien agertokiak eta protagonistak birsortuz.

Historian barrena egindako ibilbide honetan, topiko eta leku komun zabalduenetako batzuei buruzko eztabaida sustatuko du saioak modu ireki eta adeitsuan. Kondairak desmitifikatzea eta gure iraganeko pasarte ilun asko argitzea da asmoa.

Alberto Santanak alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izango du jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak eskainiz. Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek jantziko dute kontakizuna.

Laugarren denboraldi honetan, denetariko gaiak jorratuko dituzte: Erdi Aroko monasterioetako fraideen bizimodua eta garaiko kulturan izan zuten eragina; euskal baserri tradizionalaren historia eta garrantzia gizarte-egituran; eta Baskoniaren lurralde batasunaren analisi historikoa.

Gainera, euskaldunak eta sexuaren arteko harremana aztertuko dute, baita euskaldunen bi kultur eredu ere, dantzariak eta pilotariak. Bestalde, burdinaren ekoizpenaren garrantziaz eta mendeetan zehar euskaldunek Ameriketan izandako presentziaz ere arituko dira.

Lehen atala, La voz de los monjes

Duela 1.000 urte, iluntasun kultural, indarkeria feudal eta deabruari eta jainkoaren zigorrari zitzaien beldurrean murgilduta bizi ziren euskaldunak. Egoera hartan, hainbat gizon eta emakumek mundutik at bizitzea erabaki zuten, otoitzean, munduko bekatarien salbazioaren bila.

Erdi-aroko monasterioak garai hartako kulturaren gotorleku bilakatu ziren. Alberto Santanak horietako leku batzuk bisitatuko ditu, bertan bizi ziren monjeei eta haien bizimoduari buruzko hainbat galdera erantzuteko. Zein izan zen euren egitekoa? Zein ekarpen egin zieten Baskoniako kulturari? Zer aldatu nahi izan zuten? Lortu al zuten?