Itxi

telebista

Denboraldi berria

Jon Gomezek aurkeztuko du "Lingo" lehiaketaren denboraldi berria

EITB Media

Jon Gomez, telebistan ibilbide luzea duen kazetaria, ETB2ko arratsaldeetako lehiaketa arrakastatsuaren aurkezle berria izango da.

  • Jon Gomez "Lingo" saioaren aurkezle berria.

    Jon Gomez "Lingo" saioaren aurkezle berria.

Astelehenean hasi da "Lingo" saioaren bigarren denboraldia ETB2n, eta nazioarteko arrakasta handia duen familia osoarentzako lehiaketa berrikuntza handi batekin dator: Jon Gomez izango da aurkezlea, Aitor Albizuari lekukoa hartuta. Bilbotarrak irrati eta telebistan ibilbide luzea du: La Sexta eta Antena 3 kanaletan lan egin du, eta ETB2ko "Nos Echamos a la Calle" saioko aurpegi ezaguna da.

"Lingo" bere ohiko eduki linguistiko eta didaktikoekin itzuliko da adin guztietako publikoari zuzenduta. Etxetik familiartean jokatzeko plan bikaina da. Hiru bikote arituko dira aurrez aurre, joko panelaren atzean ezkutatzen diren hitz misteriotsuak topatu nahian. Hiruren artetik bikote bakarrak lortuko du eguneko diru saria eskuratzea. Hiru fase ezberdinetan, lehiakideek euren arintasun mentala eta hitzen gaineko ezagutza erakutsi beharko dute egunak pasatu ahala handituz doan zakua irabazteko.

Lehen denboraldi arrakastatsuaren ondoren, "Lingo"k lehiakide berriak ekarriko ditu, eta senide eta lagun bikote berriek aukera izango dute ondo pasatu eta hitzekin jolasean trebeak direla erakusteko.

New Digital Media Euskadi SL eta Unicorn Content TV ekoiztetxeek EITBrentzat egindako saioa da "Lingo", eta egunero izango da ikusgai 17:50etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.

Telebistako hitz-lehiaketen olatura igota, nazioarteko mailan izan dituen 17 egokitzapenek bermatuta iritsi da "Lingo" Euskal Telebistara. Besteak beste, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Frantzian, Kanadan, Alemanian, Portugalen eta Holandan emititu da saioa.

"Lingo"n parte hartu nahi dutenek bi aukera dituzte: 645 767 357 telefono zenbakira deitu, edo lingo@newmedia.eus helbidera idatzi.