telebista
Eduki nabarmenak
"Jateko Modukoa" eta 'El buen vecino' filma "La Noche de..." saioan, gaur, asteartea
EITB Media
"Biba Zuek!" saioan Xabin Fernandez eta Intza Alkain izango dituzte gonbidatu Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak, 'Kanpora sartzen' antzezlanaz hitz egiteko.
"Biba Zuek!" – 18:00etan ETB1 eta eitb.eus-en
Xabin Fernandez eta Intza Alkain izango dira saioan Kanpora sartzen antzezlana aurkeztera. Antzezlan berezia da, Xabin Fernandez kazetariaren istorio pertsonala kontatzen baitu. Duela hamar urte Giza Immunoeskasiaren Birusa zuela jakinarazi zioten Xabini eta ordutik izandako bizipenak kontatzen ditu obrak. Xabin Fernandez eta Intza Alkain dira aktoreak eta zuzendari lanetan Aitziber Garmendia eta Sara Cozar aritu dira. Asteburuan izan zen estreinaldia, Legorretan.
Bestalde, pandemiak 3 urte bete dituen honetan, Korapiloak atalean, hiru urte hauetan gertatutakoaz arituko dira; nola geunden eta nola gauden aztertuko dute.
"Jateko Modukoa" – 22:30ean ETB1 eta eitb.eus-en
Inoiz baino saltsa gehiagorekin eta berritasunekin dator gaurko "Jateko Modukoa" saioa. Emisio egun aldaketarekin, orain astearteetan ETB1en, esperientzia dibertigarri eta pikantea biziko dute gonbidatu batek eta hiru sukaldarik, Klaudio Landaren gidaritzapean. Gainera, parte hartzaileek gela berriak estreinatuko dituzte eta berritasun gisa, izotza apurtzeko galdera intimo bat egingo die Klaudiok. Leire bilbotarra izango dute gonbidatu, neska alai eta abenturazalea, eta sukaldean, Peio erandiotarra, Iker oñatiarra eta Oihan donostiarra.
Plan guztiei baietz esaten dien horietakoa da Leire, eta zerbait berezia sentiaraziko dion mutila aurkitu nahi du. Mutil arraroak edo ezberdinak gustatzen omen zaizkio, zein sukaldari gustatuko zaio gehien Leireri lehen begi kolpean? Zirikatzailea da Peio; Oihan, esperientzia berrien bila dator; eta azkenik, Iker, espontaneoa eta elkarrizketa sakonak gustuko dituena.
"La Noche De… El buen vecino" – 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en
Felix Linaresek gidatzen duen saioak intrigaz beteriko El buen vecino filmaren estreinaldia dakar gaur. Halabeharrez txirrindulari bat harrapatu duen gizon baten historia kontatzen du; heriotza ezkutatu dezan konbentzituko du bere bizilagun misteriotsuak. Stephan Rick da pelikularen zuzendaria, eta protagonisten artean daude Luke Kleintank eta Eloise Smyth aktoreak, besteak beste.
Filma estreinatu aurretik, ETB2ko saioak Quiniela de los Oscar lehiaketaren irabazlea nor den iragarriko du; Hans Zimmer musikariak maiatzaren 11n BECen egingo duen kontzerturako bi sarrera irabaziko ditu pertsona horrek. Horrez gain, ikusgai izango ditugu Bruce Willis eta Michael Caine aktoreei buruzko erreportaje bana, eta Los vascos conquistan Hollywood atalaren ale berria.