Itxi

telebista

11. atala

Zortzi metroko hormatzarra gainditzeko erronka, gaur, "El Conquistador del Caribe" saioan

EITB Media

Gorriek, urdinek eta horiek hormaren beste aldera pasa beharko dute, kanpaleku aberatsean lo egin eta taldekiderik galdu nahi ez badute.

  • Hormaren probaren irudi bat

    Hormaren probaren irudi bat. Argazkia: EITB Mediaren bideo bateko irudia

"El Conquistador del Caribe" saioko lehiakideek ez dute lan erraza izango hamaikagarren atalean, "Infernuko Horma" izango baitute parez pare. Zortzi metroko egitura erraldoia horrek zerura (kanpaleku aberatsera) edo infernuaren atarira (kanporaketara) eraman ditzake partaideak. 

Paretaz gain, bestelako zenbait oztopo ere egongo dira. Taldekide guztiek, salbuespenik gabe, igerian hasiko dira. Jarraian, mangladi malkartsu bat igaro ostean, paretaren beste aldera pasa beharko dute, soka batetik gora eginda.

Taldekide guztiek helburua lortzen dutenean, aukeratutako bi partaideak (taldekideek hautatutakoa bata, eta arerioek bestea) mendixka batean tontorrean egongo den ikurrinaren bila abiatu ahal izango dira. Ikusgai dago horma pasatzea lortuko duten ala ez, indar eskasia nabaria baita dagoeneko.

Horiek, adibidez, geroz eta denbora gehiago daramate kanpaleku oso txiroan, eta janari ezak ez die onik egin. Gosea ez ezik, tirolinaren jokoaren emaitzak nesken eta mutilen artean eragindako zatiketa da Guaban taldearen arazo nagusia, Alvaroren nominazioa eta kanporaketa ahaztu gabe. Egoerari buelta emateko ardura Izetari dagokio, baikortasuna taldera itzuli dadin. Inmunitate proba irabaztea ezinbestekoa da, horretarako.

Corocoteen aldartea ez da gehiegi hondoratu, Irunek, Locurasen laguntzarekin, eskaileren probatik bueltatzea lortu duelako. Ainiren egoera emozionalari on egin dio itzulera horrek, urdinen emaitza kaskarren ondorioz, gainbehera zihoalako. Hori kontuan izanik, indartsu borrokatuko du hormaren proba irabazteko.

Azkenik, Yocahu taldeak indartsu jarraitzen du tirolinaren jokoan nagusi izan eta gero. Dena den, kontraesankorra dirudien arren, gosea pasatzen ari dira kanpaleku aberatsean. Izan ere, nahiz eta garaipen gehien lortu dituztenak izan, ez dute esperotako janaria lortu sariekin. Azken garaikur gisa, lo egiteko eltxo-sareak eman dizkiete. Hortaz, gogotsu daude lehia irabazteko eta janaria lortzeko.   

Lehiakideen indar fisikoa eta psikologikoa neurtuko al ditu hormak? Lortuko al dute zortzi metroek norbait behin-betiko kanporatzea? Zein taldek erdietsiko ote du pareta pasa eta kanpaleku aberatsera iristea? Astelehenean horma behera botako dugu zalantza guztiak argitzeko.

"El Conquis"en eduki digitalak 

eitb.eus/elconquistador

Youtube: eitb/el conquistador del Caribe 2023

facebook.com/elconquistadordelfindelmundo

Twitter: @el_conquis

Instagram: @el.conquis

Tik Tok: @el.conquis