telebista
15. atalaren aurrerapena
Aizkolarien probak enborrak eta taldeak zatituko ditu, gaur, "El Conquistador del Caribe" saioan
EITB Media
Abenturako probarik nekagarrienean lehiatuko dira hiru taldeak, eta barne-arazoren bat izango dute. Gainera, talde gorria eta horia desagertzear daude. Ez galdu, astelehenean, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.
-
Aizkolarien jokoa "El Conquistador 19" saioan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Abentura ziztu bizian doa aurrera, 15. atalera iritsi da, eta dagoeneko ez dago errukirik. Hurrengo immunitate jokoan ere ez da gupidarik egongo taldeen artean garaipena lortzeko. Izan ere, kanpamentu aberatsera joateaz gain, izendapenak egitetik eta lehiakideak duelura joatetik libratzen ditu garaipenak, eta bi talderen biziraupena kolokan dago.
Gorriek, urdinek eta horiek "Conquis"eko joko klasikoetako bati egin beharko diote aurre, indarra eta aizkorarekin trebetasuna ezinbestekoak dituen joko bati, hain zuzen ere; aizkolarien probaz ari gara, jakina. Immunitate joko honetan, lehiakideak banaka joan beharko dira enborrari aizkorakadak ematera. Guztira 10 kolpe eman beharko ditu lehiakide bakoitzak bere txandan.
Bestalde, arerioek aukeratu duten kapitaina bi banbu-enborren gainean igota egon beharko da taldekideek enborrari sorbalden gainean eusten dioten bitartean. Kapitaina ezin izango da lurrera erori eta, erortzekotan, lehiakideek debekatuta izango dute aizkorakadarik ematea kapitaina berriz ere enborrera igo arte. Halaber, aukeratutako kapitain horrek ere enborra mozteko aukera izango du, baina, bitartean, beste norbait egon beharko da enborren gainean igota.
Baina zatituta bukatzeko arriskua duten bakarrak ez dira enborrak izango. Abentura une erabakigarrian dago, eta taldeetako bi desagertzear daude. Gorriek, esaterako, Olano galdu zuten buloien dueluan, jumarraren proban porrot egin ostean, eta beste kide bat galtzen badute, taldea desagertu egingo da. Beraz, historian denbora gutxien iraun duen Yocahu taldea izan nahi ez badute, aurreko immunitate proban ikusi genituen ika-mikak alde batera utzi eta elkarlanean aritu beharko dira Andrea eta Seleta.
Talde horian egoera ez da askoz pozgarriagoa. Peio kanpamentu txirora itzuli zen duelua gainditu ostean, baina bilbotarra saioa uztear dago, osasun-arazoak tarteko. Izeta ere egoera berean dago; ez dakigu lehian jarraituko duen, duela zenbait astetik belarriko minarekin baitago. Ikusteko dago kapitainak bere kasta atera eta egoera kaxkarrari buelta ematea lortzen duen.
Azkenik, talde urdinaren egoera hobea da gainerako bi taldeekin alderatuz gero. Ainik sekulako erakustaldia egin zuen jumarrean Olaia gainditu eta ikurrina lortu zuenean. Ondorioz, taldeak janaria irabazi, eta kanpamentu aberatsean atseden hartu zuen. Dena den, kanpamentu aberatsean ere txakurrak oinutsik, eta taldekideen arteko ika-mikak ikusten hasi gara. Atal honetan, eztanda egin dezake guztiak.
Zein lehiakide ikusiko ditugu elkarri mokoka? Talderen bat desagertuko al da? Zer gertatuko da Izetarekin eta Peiorekin? Galdera horien erantzunak aizkolarien jokoaren ondoren jakingo ditugu. Eta, ondoren, bat bera ere tente utziko ez duen duelu gogor bat izango dugu. Horretarako, 15. atala ikusi beharko da.
"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran aplikazioetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.