albistea
22:15ean
Bidegoian eta Etxalar protagonista, asteleheneko 'Bizirik' saioan
A.H.
EITB
Gipuzkoako eta Nafarroako bi herri txiki hauetan izango da Urko Aristi.
-
Bidegoian. EITB
Aste honetako 'Bizirik' saioan Bidegoian eta Etxalar herrietara joango da Urko Aristi. Gipuzkoako Bidegoian ez da inondik ere herri arrunta. Bidania eta Goiatz elkartu zirenean sortu zen, 1964ean. Ez da hori, ordea, herriko berezitasun bakarra. Gipuzkoako herrigune altuena da eta erdigune geografikoa. Goiatzeko elizan dago zehazki erdigune geografikoa eta Urko Aristi bertan izango da. Halaber, 720 metrotara dagoen Berazeaga baserria bisitatuko du, Gipuzkoako altuenetakoa. Berazeaga baserritik Gipuzkoako hamalau udalerri ikus daitezke.
Historiarekin ere harreman estua du Bidegoianek. Bidaniko Usarraga baserrian Gipuzkoako Batzar Bereziak egin ziren 1445tik 1700era. Baserri horretan jendea bizi da oraindik eta Urko Aristik beraiekin hitz egingo du. Beira lantzen duten artisauen lana ere ezagutuko du eta Iriarte Jauregia Hotelari bisita egingo dio. Traveller’s Choice Hotels sarietan Estatu mailako 6. postua eskuratu du lau izarretako hotel honek.
Bestalde, Nafarroako Etxalar herriko usategiak Euskal Herri guztian dira ezagunak eta 'Bizirik' saioa bertan izango da. Ez da hori, ordea Etxalarrek erakusteko duen gauza bakarra. Bortzirietako herri honetan auzolana oso errotua dago, eta herritar talde batekin elkartuko da Urko Aristi auzolan hori nola egiten duten ikusteko. Kontrabandista ohi baten istorioak ere ezagutuko dituzte eta Michigandik Etxalarrera etorritako artzain bautista batek bere bizimoduaren berri emango du.
'Bizirik' astelehen honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB-1en.