Itxi

telebista

20. atalaren aurrerapena

Bateratze faseko lehenbiziko traizioak begi-bistan, gaur gaueko "El Conquistador del Caribe" saioan

EITB Media

Talde urdineko traizioak ez dira hurrengo atalean ikusiko ditugun bakarrak. Zeintzuk lehiatuko dira azkenean Irunerekin? Nor edo nortzuk kanporatuko dituzte abenturatik? Erantzun guztiak gaur argituko ditugu, 22:30etik aurrera, ETB2n, eitb.eus atarian eta “Conquis”eko APP-an.

  • Ilia, Irune eta Locuras

    Ilia, Irune eta Locuras. Argazkia: EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioko 19. edizio hau azken txanpan sartu da. Ikurrina inoiz baino gertuago ikusten dute lehiakideek bateratze fase honetan eta lehia banakoa bihurtu ohi da. Egia da hainbat lehiakidek oraindik ere taldekide izan dituztenak aintzat hartu eta babesten dituztela, baina badira, adiskidetasuna alde batera utzita, ordura arte bidelagun izan dituztenen kontrako botoa eman dutenak ere.

Horrek guztiak giroa apur bat gaiztotuko du, orain arteko aliantzak bertan behera utziz. Hori dela eta, lehiakideek ondo hausnartu beharko dute aurrerantzean nor izendatu eta nor ez.

Oraingoz, dakigun bakarra da Irune dela duelura doan hiru lehiakideetako bat. Immunitate jokoan izan zuen hanka-sartzea larrutik  ordaindu du, izan ere, izendapenen lepokoa zuzenean jaso zuen arrasatearrak. Orain, noren aurka lehiatuko den jakitea besterik ez zaigu falta. Irunek Helenen aurka bozkatu du, baita Locurasek ere. Traizio-trama korapilotsu hau nola askatzen den ikustea besterik ez zaigu falta. Gainera, ez da sorpresa bakarra izango.

Horrezaz gain, abentura zenbatek utziko duten argituko dugu astelehenean. Duelua ikusgarria bezain gogorra izango da, eta inguru paregabean jokatuko da.

Bestalde, kanpamendu aberats berria ezagutuko dugu. Bertan izan da Etxe, azken immunitate jokoa irabazi baitzuen. Berarekin eraman du Txoskin, eta biak gustura asko izan direla ikusiko dugu, aurreko egunetan imajina ezin zezaketen erosotasunez inguratuta. Garrantzitsuena ordea, Etxek nor izendatuko duen jakitea da. Hala, nortzuk lehiatuko dira Irunerekin? Zenbat lagunek utzi beharko dute abentura?

Galdera hauek guztiek erantzuna dute gaur gaueko saioan. Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran appetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.