albistea
Kirol emanaldiak
Txirrindularitza, estropadak eta piraguismoa, gaur, ETBn
A.A.
EITB
Horrez gain, zaldi jauzi, zesta punta eta erremonte emanaldiak ere izango dira.
-
Burgoseko itzulia. Argazkia: EFE.
Larunbaterako kirol eskaintza zabala prestatu du Euskal Telebistak. Eguerdiko 12etan hasita, Asturiaseko Ribadesella herrian jokatzen den Sellako Jaitsiera ezaguna eskainiko du ETBK Sat-ek zuzenean. Juanan Legorburuk eta Iñigo Peñak egingo dute kontakizuna.
Arratsaldeko 16:00retan, Burgoseko Itzuliaren berri emango dute zuzenean Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak. Laugarren etapa izango da jokoan, Doña Santos-Clunia.
18:00etan estropei zabalduko diete leihoa ETB-1en, ARC-KAE Ligako 7. jardunaldia emateko. Orioko Ikurriña irabazteko lehia zertan den Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak kontatuko dute.
ETBK Sat-era itzuliz, 17:50ean A Coruñako zaldi jauzi txapelketan gertatutakoak bilduko ditu Pedro Mari Goikoetxeak eta 19:20ean, Olharan-Lopez / Egiguren II-Hernandez bikoteen artean zesta punta partida izango da ikusgai, Iñaki Mikeo eta Jabier Arkarazoren eskutik.
Eguneko azken hitzorduak erremonteaz gozatzeko parada eskainiko digu: Ezkurra-Ion eta Urriza-Etxeberria III bikoteak nor baino nor gehiago. 22:30ean hasiko da neurketa, Iñigo Aiestaran eta Zeberio II.a berriemaile direla.
Txirrindularitza eta estropadak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.com-en.