Itxi

telebista

Batzen gaituen ziklismoa

101 txirrindularitza egun, euskaraz, aurten, ETBn

EITB Media

Munduko ziklismo probarik onenak eta euskal txirrindularien inguruko informaziorik zehatzena eta gertukoena jarraitu ahal izango dute euskal zaleek Euskal Telebistaren bidez. Asteburuan Indurain Saria eta Flandriako Tourra eta Astelehenetik aurrera Euskal Herriko Itzulia izango dira ikusgai.

0:00

Udaberriarekin batera, mundu osoko ziklismo probetan murgilduko da ETB, eta lasterketarik ospetsuenen ikuskizunaz gozatzeko aukera eskainiko die zaleei. Orotara, 101 txirrindularitza egun izango ditugu ETB1en eta eitb.eus-en, euskaraz: itzuli handiak eta astebetekoak, baita egun bateko klasiko entzutetsuak ere, jarraitu ahal izango ditugu. Nazioarteko izarren balentrien lekuko izateaz gain, euskal txirrindularien inguruko informaziorik zehatzena eta gertukoena eskainiko du Euskal Telebistako kiroletako lantaldeak. 

Martxoaren 3tik 10era bitartean jokatutako Paris-Niza izan da denboraldiaren abiapuntua, eta asteburu honetan bi hitzordu ditugu: bata etxean, Lizarrako Miguel Indurain Sari Nagusia (martxoak 30), eta bestea Belgikan, Flandriako Tourra (martxoak 31). 

Astelehenetik aurrera, euskal errepideetako hitzordu nagusiaz gozatzeko aukera izango dugu: Itzulia Basque Country. Arratsaldero, 15:00etan hasita, lasterketaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok. Gainera, EITB lasterketaren babesle da eta Itzuliko euskal txirrindulari onenari EITB Saria emango dio beste behin. 

EITB

EITB

ETBren txirrindularitza denboraldia osatuko duten probak hauek dira: Paris-Roubeaux (apirilak 7), Amstel Gold Race (apirilak 14), Flèche Wallonne (apirilak 17), Lieja-Bastogne-Lieja (apirilak 21), Normandiako Tourra (apirilak 23-28), Italiako Giroa (maiatzak 4-26), Emakumeen Itzulia (maiatzak 10-12), Critérium Dauphiné (ekainak 2-9), Suitzako Itzulia (ekainak 9-16), Frantziako Tourra (ekainak 29-uztailak 21), Burgosko Itzulia (abuztuak 5-8), Donostiako Klasika (abuztuak 10), Getxoko Sari Nagusia (abuztuak 11) eta Poloniako Itzulia (abuztuak 12-18).