albistea
Hirugarren edizioa
'El Conquistador del Aconcagua' saioaren aurkezpena, gaur, FestTVal-en
EITB
Irailaren 16an hasiko da saioa telebistan eta, beste behin, lehiakideen helburua Aconcagua gailurrera iristea izango da.
-
Julian Iantzi. EITB
‘El Conquistador del Aconcagua’ muturreko abentura saioa udazkenean itzuliko da euskal telebistara. Lehen emisioa irailaren 16an izango da eta, orain arte bezala, Juanito Oiarzabal mendizalea izango da espedizio-burua eta Julian Iantzi, saioaren aurkezle eta gidaria. Mendian gora abiatuko dira lehiakide ezagunak eta ezezagunak, jakinda guztiak ez direla iritsiko Aconcagua mendiaren gailurrera.
Aurtengo edizioak hainbat berritasun ditu eta saioaren gidariek ostiral honetan jakinaraziko dituzte nobedade horiek, Gasteizko FesTVal jaialdiaren baitan egingo den aurre-estreinaldian. 19:00etan Principal antzokian hasiko den aurre-estreinaldian izango dira Joxean Goñi ‘El Conquistador del Aconcagua’ saioko zuzendaria, Hostoil ekoiztetxeko Txema Montoya, Patxi Alonso eta Iñaki Lopez. Gainera, Gasteizen egongo dira 2012ko ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioko Ibon, Lobo, Vero, Isa, Patxi, Yeray, Zikito edo Barbaro; eta Patagonian irabazle izan diren Nakor, Gotzon Mantuliz, Raul eta David Seco. Horiez gain, aurkezpen ekitaldian parte hartuko dute Mikel Goñi, Juanito Oiarzabal, Manu Maritxalar edota Juan Mari Lujanbio kapitainek, iaz Aconcaguako abenturan parte hartu zuten Iñigo Perez “Boliki”, Iker Flores, Koro Errazkin, Silvia Iraztorza edota Lourdes Zuriarran lehiakideekin batera.
Arestian aipatu bezala, ‘El Conquistador del Aconcagua’ saioak hainbat berritasun izango ditu aurreko edizioekin alderatuta. Hala, aurten pertsona ezagunek eta ezezagunek jardungo dute lehiakide gisara. Iaz lehiakide guztiak anonimoak ziren Mikel Goñi pilotari ohia salbu, baina nafarrak erronka pertsonal gisara hartu zuen abentura eta inoiz ez lehiakide moduan. Hirugarren edizio honetan 7 pertsona famatu eta 7 pertsona anonimo izango dira lehiakideak. Beraz, famatuek lehiakide anonimoen baldintza berdinetan lehiatu eta borrokatu beharko dute Aconcaguako gailurrean 6.962 metrora egongo den ikurrina astindu nahi badute.
Dagoeneko ezagutzen ditugu abenturan parte hartuko duten pertsona ospetsuak, guztiak ere kirolariak, musikariak edo aktoreak. Andoni Agirregomezkorta aktore eta telebistako aurkezleak esaterako platoetako goxotasuna utzi eta Aconcaguara abiatzea erabaki du, Serafín Zubiri abeslariarekin batera. Musikaria itsua da eta beraz, gainerako lehiakideek baino traba gehiago gainditu beharko ditu. Era berean ordea, Aconcaguako gailurra zapaldu duen bakarra da. Izan ere, 1994. urtean ONCE fundazioak antolaturiko espedizio batean parte hartu zuen eta orain, erronka errepikatu nahi du Oscar anaiarekin batera.
Kirolarien artean futbol jokalari ohiak dira nagusi. Iñigo Larrainzar Osasuna, Athletic eta Kordoba taldeetan aritutako atzelari nafarra sasoi betean dago Amerikako gailurrik altuenera igotzeko. Berarekin batera Aconcagua aldera abiatuko da Javier Gurutzeta “Guru” Realeko jokalari ohi lehiakorra. Eba Ferreira Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalari ohiak osatzen du futbolarien hirukotea.
2001ean Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen Roberto Laiseka Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari ohia, eta 1992ko Albertvilleko Neguko Olinpiar Jokoetan domina eskuratu zuen Blanca Fernández Ochoa eskiatzaileak osatuko dute zazpikotea. Famatuekin batera, casting bidez aukeratutako beste zazpi lehiakide anonimo izango dira lehian. Parte hartzaile guztiak prest daude saioko proba eta dueloak gainditu eta eguraldi baldintza gogorrei aurre egiteko.
Beste behin ere, Juanito Oiarzabal alpinista izango da espedizioko gidaria. 6292 metrora dagoen Aconcagua mendiaren gailurrera heldu aurretik ordea, parte hartzaileek Laguna Horcones (2.580 m), Confluencia (3.300 m), Plaza Francia (4.000 m), Nido de Condores (5.250 m) eta Colera (5.950) kanpalekuetatik igaro beharko dute. Urtero errepikatu ohi den esaldia da, azkenean mendiak bere aukeraketa egiten duela. Erakutsi dezala bada, mendiak bere alderik eskuzabalena.