albistea
Kirol emanaldiak
Donostiako Banderaren bigarren jardunaldia, igandean, zuzenean
A.A.
EITB
Horrez gain, pilota, errugbi eta herri kirol emanaldiak osatuko dituzte.
Donostiako Banderaren bigarren jardunaldia izango dugu igandeko kirol hitzordu nagusia. 10:45ean hasiko da zuzeneko emanaldia ETB-1en eta eitb.com-en, Mikel Olazabalek gidatuta. Ohi denez, Ibon Gaztañazpi aditua izango du lagun; Sara Gandarak eta Xabier Anduezak giroaren berri emango dute eta protagonistak elkarrizketatuko dituzte.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek estropaden berri emango dute bere bi edizioetan, eta iluntzeko 20:00etan, talde irabazleari bere herrian egingo zaion harrera ere zuzenean jarraituko ahal izango da telebistan eta interneten.
Pilota, errugbia eta herri kirolak
Ohi denez, arratsaldeko bostetan pilotari eskainitako tartea zabalduko dute, 'ETB Kantxa'. Lezamako jaialdia izango da ikusgai oraingoan, ETB-1en eta eitb.com-en. Lehen partidan, Olazabal-Ladis Galartza eta Mendizabal III-Cecilio izango dira nor baino nor gehiago; ondoren, Idoate eta Barriolak Jaunarena eta Zubietaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Xabier Euzkitze, Oier Zearra eta Elena Azpeitia izango dira berriemaile.
13:00etan, ETBKn, zuzeneko beste emanaldi bat osatuko dute, errugbiko Superkopako finala, Quesos Entrepinares-Ordizia, Jon Ander Gorospe eta Iñaki Laskurainen eskutik.
Azkenik, 15:30ean, ETB-1en, herri kirolak izango dira protagonista. Bezperan Getxon jokatutako Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketaren berri emango du Koldo Aldalurrek.