Itxi

telebista

EITB euskal kirolarekin

Euskal traineruen lehen mailako ligen emozio guztia, zuzenean, EITBko hedabideetan

EITB Media

Aurtengo emanaldietako berrikuntza nagusia da irudi eta soinu kalitate handiagoa izango dutela EITBren unitate mugikor berria dela medio, eta estropaden ikuspegi osoa erakutsiko dela drone baten bidez.

  • Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Eritz Hernandez

    Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Eritz Hernandez

Larunbat honetan, ekainak 29, jarriko dira abian Coruñan euskal traineruen lehen mailako bi ligak, Euskotren (emakumeak) eta Eusko Label (gizonak), eta EITB ikus-entzunezko taldeko hedabideak horren lekuko izango dira. Bi liga nagusietako estropada guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en, baita Donostiako Bandera ere. 

Telebista eta Internet bidezko emanaldiak hobetzen jarraitzen du EITBk, kirol honen esentzia ikus-entzuleei gerturatzeko. Aurten, unitate mugikor berriaren bitartez, jauzi handia emango da irudi eta soinu kalitateari dagokionez. Gainera, traineruetako mikrofonoak berritu dira, arraunlariek egiten duten esfortzua eta patroiak ematen dizkien aginduak hobeto entzuteko. Beste berrikuntza garrantzitsua izango da dronearen erabilera, helikopteroaren ordez, estropadaren ikuspegi osoa eskaintzeko. Dronea arinagoa da eta edozein posiziotatik erakutsi ditzake irudiak, ontzira gehiago gerturatuta gainera. 

Kontakizunaren arduradunak Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Eritz Hernandez izango dira ETBn, Manu Maritxalar, Patxi Egurrola eta Itzi Olasagasti Euskadi Irratian, eta Alberto Negro, Asier Kareaga eta Imanol Cascante Radio Euskadin. 

Traineru estropaden egutegia 

Galiziako uretan jokatuko dira lehen bi jardunaldiak: Coruñako Bandera (ekainak 29) eta Bueuko Bandera (ekainak 30). 

Uztailean zortzi estropada eskainiko dira: Fabrika Bandera Donostiatik (6), Petronor Bandera Zierbenatik (7), Bilboko Bandera (13), Sestaoko Bandera (14), Barbanza Arousa Bandera Ribeiratik (20), Boiroko Bandera (21), Getxoko Ikurrina (27) eta El Correo Bandera Lekeitiotik (28). 

Abuztuan beste hainbeste bandera jokatuko dira: Caixabank Bandera Castro Urdialesen (3), Orioko Kanpina Bandera (4), Hondarribiko Bandera (10), Pasai San Pedroko Ikurrina (11), Plentziako Bandera (15), Zarauzko Ikurrina (17-18), Ondarroako Bandera (24) eta Getariako Ikurrina (25). 

Iraileko lehen bi igandeetan (1 eta 8) Donostiako Bandera izango da ikusgai, eta aurretik, sailkatze estropada ere bai (abuztuak 28 eta 29). 

Bermeoko Ikurrinak (14) eta El Corte Inglés Banderak (15) itxiko dute denboraldia. Egun horietan jokatuko dira play-offak ere.