Itxi

albistea

ETB-2n

'Euskadi Pregunta', kaletarrak lehendakarigai nagusiei galdezka ETBn

Erredakzioa

Saio bakoitzean 30 lagunek hainbat gaien inguruan (politika, ekonomia eta gizartea) galdetuko diete EAJ-PNV, PSE, PP eta Euskal Herria Bilduko hautagaiei, hauteskunde kanpaina hasi aurretik.

  • Lehendakarigaiak. Argazkia: EITB

'Euskadi Pregunta' saioa prestatzen ari da ETB-2. Euskal alderdi politiko nagusietako lau lehendakarigaiei kaletarrek galderak egiteko aukera izango dute bertan. Africa Baetak aurkeztuko duen saio sorta hau hauteskunde kanpaina hasi aurretik izango da ikusgai.

Saio bakoitzak 90 minutu inguruko iraupena izango du eta EITBren Miramongo estudioetan grabatuko da. Bertan, 30 lagun egongo dira beste horrenbeste galdera egiteko. 30 lagun desberdin izango dira saio bakoitzean. Bildarte prospekzio soziologikoko enpresak aukeratu ditu lagunok, EAEko biztanleriaren estatistika irizpideak kontutan hartuta.

Galdera egiten duen lagunak hiru itaun pentsatuko ditu gutxienez, eta bost aukera emango dizkiete: politika saila; ekonomia saila; osasuna, hezkuntza eta kulturari eskainitako saila; ingurumena, garraioa, zientzia eta teknologia eta gizarte politika gaiei eskainitako saila, eta, azkenik, gai libreko saila. Galdera bakarra egingo du, dena den.

'Euskadi Pregunta' irailaren 21ean hasiko dira ematen. Estreinaldiko saioan Laura Mintegi Euskal Herria Bilduko hautagaia hartuko dute. Irailaren 28an, berriz, Antonio Basagoiti Alderdi Popularreko hautagaia. Hauteskunde kanpaina hasteko aurreko egunetan izango dira beste bi saioak: lehenengoa Patxi Lopez PSEko hautagaiarekin eta hurrengoa eta azkena Iñigo Urkullu EAJ-PNVko lehendakarigaiarekin.

Ondoren, eztabaida kazetariekin

Elkarrizketaren ondoren, bigarren zatia izango du saioak, 75 minutuko eztabaida prentsako kazetariekin. Bilboko platoan egingo da eta Aitzol Zubizarretak gidatuko du. Galdera saioaren nondik norako guztiak aztertuko dituzte eztabaida honetan.

'Euskadi Pregunta' Trauko Management eta ETBk ekoiztuko dute, Agustin Herranzen zuzendaritzapean, eta 22:15en izango da ikusgai.