Itxi

albistea

Gaueko bederatzietan

'Santana hegaluzetan' erreportaje sorta berezia dakar ETB-1ek

A.A.

EITB

Hegaluzearen harrapaketa eta arrantza izango ditu ardatz eta mami Ibon Gaztañazpi eta David Maezturen abentura honek.

  • Ibon Gaztañazpi. Argazkia: EITB

'Santana hegaluzetan ' bost saiotan emitituko den erreportaje sorta izango da ikusgai aste honetan ETB-1en. Hegaluzearen harrapaketa eta arrantza izango ditu ardatz eta mami Ibon Gaztañazpi kazetariak eta David Maeztu kameralariak elkarlanean egindako lan honek.

Gaztañaga eta Maeztu Getariako 'Santana Berria' arrantza ontzian ontziratu ziren, marea oso baterako. Ia zortzi egun egin zituzten Bizkaiko Golkoko uretatik barrena arrantzaleekin batera arraina bilatzen, harrapatzen eta 'Santana Berria'ko marinelekin elkarbizitzen.

Erreportaje sortan hegaluzearen arrantzari buruzko xehetasun asko jorratuko dituzte: arrantza bera, teknika, materiala, hegaluzearen bilaketa, ontziaren ezaugarriak eta halakoak. Horrezaz gain, ontziko bizimodua nola den ikusi ahal izango dugu. Horretarako bi kazetariek marinelen ordutegiak bete dituzte, eta haiekin batera lana egin; erabat integratu dira baporeko bizimoduan. Hala, arrantzatik harantzago, ontziko bizimodua nolakoa den ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek: otorduak, logelak, aisialdi guneak eta halakoak.

Bi kazetariek abentura baten moduan bizi izan dute esperientzia hau eta hala kontatuko dute: abentura baten moduan, abentura baten osagai guztiekin.

'Santana hegaluzetan' sortaren lehen atala astelehenean izango da ikusgai ETB-1en 21:00etan, bigarrena asteazkenean, hirugarrena eta laugarrena ostiralean eta bosgarrena igandean.