albistea
EITB
'Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean' erakusketaren aurkezpena
A.E.
EITB
Erakusketak euskararen historia, errealitatea eta etorkizuneko erronkak ditu ardatz. EITBk bere babesa emango dio hedabide ezberdinetan euskararen inguruko asmo zabal honi.
-
Argazkia: EITB
Ostegun honetan, 'Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean' erakusketa aurkeztu da San Telmo Museoan. Euskararen historia, errealitatea eta etorkizuneko erronkak ditu ardatz; baita euskararen iraupena ere. Hori abiapuntu hartuta, mundu eleanitzaz eta hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gunea izan nahi du. EITBk bere babesa emango dio hedabide ezberdinetan euskararen inguruko asmo zabal honi.
Prentsaurrekoan Nerea Txapartegik (Donostiako Udaleko euskara eta kultura delegatua), Susana Sotok (San Telmo Museoko zuzendaria), Aizpea Goenagak (Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria) eta Joxean Muñozek (erakusketaren komisarioa) parte hartu dute. Horrez gain, Patxi Arratibel EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendariarekin batera, erakusketa honen babesle eta lagun izan diren beste erakundeen ordezkariak bertan izan dira (Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Iberdrola, Region Aquitaine eta SIVOM Artzamendi).
Euskararen errealitateak abiapuntu hartuta, hizkuntzaren (edo hizkuntzen) inguruko interesa pizteko plaza gisa planteatzen da 'Badu, Bada'; hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, eta kultura eta hizkuntza aldetik anitzagoa eta aberatsagoa den mundua sustatzeko. 'Badu Bada' espazio aldakorra izango da eta edonork hizkuntzen iraupenaren eta bizikidetzaren inguruan esateko duena adierazi ahal izango du erakusketa fisikoan eta birtualean; webgunean, alegia.
Hala, bisitarien ekarpenak erakusketak (fisikoa eta birtuala) aberastuko ditu.
'Badu, Bada', erakusketa izateaz gain, espazio egokia eta iradokitzailea izango da, hizkuntza gutxituen ezagutza, onarpena eta promozioa ahalbidetuko duten ekintzak burutzeko. Hala, erakusketaren helburua lortzera bideratutako jarduerak antolatu dira: badubadatzen.
'Badu, Bada' erakusketa EITBn
'Badu, Bada' euskararen inguruko proiektuan ere buru-belarri sartu da EITB. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek 'Badu, Bada'ren inguruan sortuko diren hitzordu garrantzitsuenen berri emango dute. San Telmo Museoan erakusketa ikusgai egongo den hilabetetan izango diren ohorezko gonbidatuei buruzko erreportaje eta elkarrizketak eskainiko dituzte.
'EITB Kultura 60' saioak, halaber, erakusketa osatzen duten gai nagusiak jorratuko ditu.
ETB-3n, berriz, ostegunero antolatuta dauden bisita gidatuak (Iñaki Perurena, Harkaitz Cano, Mariano Ferrer...) grabatuko ditu saio sorta bat osatzeko. Emisioa 2013an izango da eta grabazio horien hedapena eitb.com-en ere izango da.
Bestalde, eitb.com-ek ekitaldi batzuen (Zazpiak Batman, Kike Amonarrizen hitzaldia, zuzeneko irrasaioak...) streaminga ekoiztuko du.