Itxi

albistea

Euskal kulturaren topagunea

EITBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari

A.A.

EITB

Bertan aurkeztuko diren nobedade guztien berri emango dute irratian, telebistan zein Interneten.

  • Durangoko Azoka. EITB

    Durangoko Azoka. EITB

EITBk jarraipen berezia egingo dio abenduaren 6tik 9ra ospatuko den Durangoko Azokaren 47. edizioari. Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta Internet bidez jarraitu ahal izango dira.

ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako gunearekin bat egiteko. Bertatik, ekitaldi nagusien berri emango dute eta protagonistekin hitz egingo dute. Bestalde, ETB-3k egunez egun gertatu den guztiaren labur bilduma osatuko du gauero, 23:00etan, eta Azoka TBren bidez aurrez interneten eskainitako kronika, gauerdia eta gero.

eitb.com-ek atari berezia du, Durangoko Azokaren inguruko albiste, argazki eta bideoekin. Horrez gain, Ahotseneako emanaldi guztiak zuzen-zuzenean ikusteko aukera eskainiko digu, baita Azoka TBko programazioa ere. ETB, Goiena Telebista eta Hamaika Telebistarekin batera, Argia eta Berria telebistak elkarlanean arituko dira, internet bidez azokan gertatzen den guztia zuzen-zuzenean ikusi ahal izateko.

Azokaren barruan egingo diren beste hainbat ekitaldi ere streaming bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean, eitb.com-en: Argizaiola Saria, Platerueneko kontzertuak, ETB-1erako ostiralean grabatuko den 'Esatea Be' bakarrizketa saioa eta Durango bertatik egingo den Gazteako 'B-Aldea' irratsaioa, ostiralean hau ere.

Saio berezia egingo dute Ainhoa Urretabizkaiak, Xabier Doncelek eta Ibon Fernandezek, zazpietatik zortzietara, 'B-Aldea'ren 500garrena hain zuzen ere. Azokako musika nobedadeak jasoko dituzte Gazteako entzuleentzat, baita Plateruenan eta Ahotsenean aurkeztuko diren taldeen lanak ere. Gaztea irratiak egunero konexioak egingo ditu azokarekin eta Ainhoa Urretabizkaia izango dute berriemaile bertatik.

Euskadi Irratiak ere egunero azokan gertatzen denaren berri emango du Janire Gerenabarrenaren eskutik. Halaber, 'Amarauna' (ostegunean, 10etatik ordu batera) eta 'Arratsaldekoa' (ostiralean, lauretatik bostetara) saioak Landako gunetik bertatik egingo dira zuzen-zuzenean.

Radio Euskadik ere zuzeneko irratsaioa egingo du Durangotik, osteguneko 'Boulevard' hain justu, eta bi kazetari bidaliko ditu bertara, Goizalde Landabaso (ostegun eta ostiralean) eta Idoia Jauregi (larunbat eta igandean). Eguneko kronikak egingo dituzte albistegietarako eta zuzenean sartuko dira irratsaio nagusietan.