Itxi

101 Gaztelu

1. saioa

Mikel Goñik irabazi du Kapitainen Duelua

Manu Maritxalarri gailendu zaio kapitain nafarra ur gaineko borrokan.

9:32

'101 Gaztelu' saioaren 1. atalean, Mikel Goñi kapitaina bikain ibili da. Hasteko, Manu Maritxalarren kontrako Kapitainen Dueluan garaile izan da nafarra. Ur gaineko almadia batean, borroka-makilekin bestea uretara botatzea zen helburua. Goñik Jose Luis Korta zuen laguntzaile, eta Maritxalarrek, berriz, Julen Madina. Nafarra gailendu zaio gipuzkoarrari, eta taldea aukeratzeko ohorea izan du. Dueluan lagundu ostean, etxerako bidea hartu zuten Kortak eta Madinak, eta kapitain bakoitza bere taldearekin gelditu zen.

Butroe gaztelua izan du agertoki '101 gaztelu' saioaren estreinaldiak, eta 1. Jokoan gazteluaren zirrikitu guztiak ezagutu dituzte lehiakideek. Lehenik eta behin, enbor handi batzuen bila jo behar izan dute lehiakide guztiek. Talde bakoitzak egurrezko ate bat bota behar zuen enbor horiekin. Maritxalarren talde beltza aurreratu zen, eta Iker hernaniarra izan zen lehena dorrea jumareatzen igotzen hasten. MIkel Goñiren talde gorritik, Jurdan abiatu zen ondoren, baina aurreratu egin zitzaion, eta gailurrera iristen lehena izan zen. Bertan, jarraibide gehiago jaso zuen. Gazteluko putzuan zegoen taldekidea topatu behar zuen, eta hark izango zuen atea zabaltzeko giltza. Agus argentinarra zeukaten putzuan, eta nahiko ongi moldatu zen eskaileratatik gora igo eta giltza hartzeko. Iker Izar ondarrutarraren bila iritsi zenerako, zulotik ateratzear zen Agus, eta Jurdani giltza eman bezain pronto, gainontzeko taldekideei gazteluko atea zabaltzera jo zuten. Ondoren, armarriaren bila abiatu zen talde osoa, gazteluko dorreetako batera. Ez zuten lehen saiakeran topatu, baina, beltzen taldeko kide pare bat ere eurekin bateratsu iritsi bazen ere, armarriaren bueltan bildu zen lehen taldea gorria izan zen.

Jokoaren emaiztak taldeen izenak baldintzatu zituen. Irabazleak izan zirenez, Zaldunen taldea gidatuko du Goñik; Maritxalarren taldea, berriz Bilauena izango da. Mikel Goñik garaipen bikoitza izan zuen, beraz, lehen saioan. Estreinaldi paregabea egin zuen nafarrak. Sari gisa, txerrikume errea jaso zuten, eta gainera, 'zaldi' dotorea lortu zuten. Autokarabana dotorea izango dute lehen bizileku Zaldunek. Afari bikaina egin zuten bertan, txerrikumeaz gain, arrautzak eta patatak ere topatu baitzituzten bertan, eta Mikel Goñiren sukalderako dohainak agerian gelditu ziren, patata tortila bikainak prestatu baitzituen.

Festa giroan amaitu zuten lehen eguna Zaldunek. Bilauek, ordea, 'zaldi' eskasagoa izan zuten. Furgoneta zahar bat egokitu zitzaien, eta jateko, beriz, ezer ere ez. Furgonetako gurpiletako bat aldatzen eta hautsez betetako barnealdea garbitzen ibili behar izan zuten saioa amaitzeko.

Datorren iganderako, ezusteko dexente izango dugu. Talde bakoitza, bere 'zaldia' hartuta, gaztelu berri batera abiatuko da, proba berri bati aurre egiteko asmotan. Gainera, lehen Asanbladaren lekuko izango gara, eta lehiakideetako batzuk arriskuan egongo dira. Baina, hori guztia, datorren igandean izango da, 21:45ean, '101 Gaztelu' saioaren bigarren atalean.