Itxi

101 Gaztelu

7. saioa

Zaldunek galdu dute eta Imanol etxera joan da

'101 gaztelu' saioaren 7. atalean, Goñik egindako akatsaren ondorioz galdu du talde gorriak. Horrek tentsio handia sortu du.

Zaldunek galdu dute '101 gaztelu' saioko zazpigarren ataleko jokoa. Mikel Goñik arazoak izan ditu besoetan, eta ezin izan dio jokoaren azken parteari aurre egin. Kontseiluari egin behar izan diote aurre, eta Imanolek jaso du boto-kopuru handiena.

Erriberrin esnatu dira Zaldunak eta Bilauak. Manu Maritxalarren taldeak gasa piztu ezin izan duela eta utzitako oilaskoa afaldu ondoren, ederki egin dute lo autokarabanan Zaldunek.

Kanpamentu pobrean, aldiz, Bilauek ika-mika berri batekin hasi dute eguna, lasaiago zeudela ematen bazuen ere. Manuk eta Ikerrek aurreko eguneko eztabaidari ekin diote berriz. Oraingo honetan, furgoneta nork gidatu behar duen izan da haserretzeko arrazoia. Liskar honen erdian eman diote ongietorria Aitor lehiakide donostiarrari.

Pistak berrikuntzak ekarri ditu. Egun batez, Manu Maritxalarrek eta Mikel Goñik kapitain izateari utziko diote. Horien ordez, talde bakoitzeko lehiakide batek hartuko du agintea. Zaldunen taldean, Oihana izango da kapitain berria, eta Bilauenean, Rakel.

Kapitain izendatu berriekin Baztan aldera abiatu dira bi taldeak. Lehenengo etenaldia Arraiozen izan da, eta Maitena Salinas aktoreak eman diete pista bertan. Bidean, ezusteko berezi bat izan du Mikel Goñik, semeekin egingo baitu topo. Talde gorria berriz ere lehena izan da banderatxo gorrira ailegatzen, eta gonbidatuaren laguntza izan du. Maitena Oibarren ordez aritu da jokoan.

Herri kirolak egin behar izan dituzte Donamarian, eta joko luzea eta arriskutsua izan da. Tentsio une handiak bizi izan dira bertan, Maritxalarrek egindako hanka-sartze bat dela eta, eta lehiakide batek baino gehiagok bere segurtasuna arriskuan jarri du. Zaldunek denbora asko galdu dute joko hasieran, baina Maritxalarren hutsegitea aprobetxatuz, talde gorriak berehala harrapatu ahal izan du talde beltza. Nahiz eta momentu honetan jokoa berdinduta egon, Mikel Goñik arazoak izan ditu besoetan eta ezin izan dio jokoaren azken parteari aurre egin. Ezintasun honek eta Imanolen nahasteak denbora galtzea eragin du, eta horrek pilotariaren haserrea piztu du. Azkenean, Bilauak izan dira garaile.

Mikel Goñiren haserrea itzela izan da, batez ere Imanolekin, eta, arratsaldeko kontseiluan botoa nori eman erabakitzerakoan, eragin handia izan du. Zaldunek, beraz, kontseilu erraza izan dute, eta ermuarra kanporatu dute. Kontseiluaren osteko tristura poza bilakatu da Zaldunentzat, Bilauek mapa furgonetan ahaztuta utzi eta eurek aurkitu baitute. Hemendik aurrera talde beltzak maparik gabe bidaiatu beharko du.

Irabazleak izan diren aren, haserreak ez dira amaitu talde beltzean. Taldekideen kritikak direla eta, Manu Maritxalarrek motxila hartu eta autokarabanatik alde egin du.